Euskal zinemek ekainean berriro irekiko dituzte aretoak

EZAEko, Euskadiko zinema-aretoen elkarteko, bazkide gehienek datozen asteetan irekiko dituzte ateak, segurtasun-protokolo zorrotzak abian jarri ondoren

Trueba zinema-aretoko desinfektatzea

EZAEko, Euskadiko zinema-aretoen elkarteko, bazkide gehienek datozen asteetan irekiko dituzte ateak, segurtasun-protokolo zorrotzak abian jarri ondoren. Ekainaren 5ean Durangoko Zugaza zinema zabaldu ondoren, ostiral honetan Errenteriako Niessenen, Gasteizko Gorbeiaren eta Beasaingo Usurbe Antzokiaren txanda iritsiko da, hirugarren faseak onartzen duen % 60ko edukierarekin. Hurrengo egunetan zehaztuko da noiz jarriko diren martxan gainerako euskal zine-aretoak.

Joan de asteburuan Durangon bizitako esperientzia oso baikorra izan zen, nahiz eta edukiera % 30era mirriztuta egon. Bizkaiko zinemara ikusle asko joan dira; estreinaldirik gabeko eskaintzari erantzun diote, eta, aldi berean, segurtasun-neurri berrietara egokitu dira, hala nola maskarillak erabiltzera eta distantzia soziala mantentzera.

Berrirekitze-egutegia gorabehera, euskal zinemen iritziz, estreinaldien egutegia erakargarriagoa denean bakarrik lortuko dute errentagarritasuna. Espainiako probintzia guztiak hirugarren fasera iristen direnean eta aretoetan baimendutako edukiera handitzen denean iritsiko da une hori.

Segurtasun protokoloa

Zinema-areto guztietan aplikagarriak diren segurtasun protokoloak betez, EZAEk konplitu behar diren neurrien berri emango die ikusleei. Bereziki gomendagarria da sarrerak Internet bidez erostea edo, bestela, txartelarekin ordaintzea, adibidez. Era berean, aretoetan ezarritako kartelen eta proiektatutako bideoen bidez, aretoko langileen jarraibideei eta sarreretako, irteeretako eta joan-etorri guztietako seinaleei jarraitzeko eskatuko zaie ikusleei.

Halaber, segurtasun distantzia mantentzeaz ere ohartaraziko zaie, bizikideen kasuan izan ezik, eta hura mantentzea ezinezkoa denean maskarillaren erabilera derrigorrezkoa dela jakinaraziko zaie.

EZAE elkarteko zinema-aretoetako saio guztiek ordutegien mailakatzea eta saioen arteko bereizketa izango dute, garbiketa eta desinfekzio lanak burutzeko. Hain zuzen ere, lan horiek errazteko, ikusleei ahalegin berezia eskatzen zaie aretoa garbi mantentzeko, hondakin guztiak bildu eta paperontzietan utziz.

‘Zinema pantaila handian’ kanpaina

Ekainaren 22tik aurrera, EZAEk ’Zinema pantaila handian’ lelodun kanpaina abiaraziko du, jendea zinemaz pantaila handian gozatzera animatzeko. Ekimenak lau ardatz nagusi izango ditu: pelikulak pantaila handian ikusteak dituen abantailak azpimarratzea, EZAEren zinema guztietan ezarriko den protokolo zorrotza azaltzea, Internet bidezko erosketak deskontu bitartez sustatzea eta euskal filmei laguntzea, Euskadiko zinemagintzaren balio-kate osoari babesa emanez.

Hainbat ekintzaren bidez, zinearekin duten “hitzordua” gogoraraziko zaie zaleei, pantaila handia baita pelikulez gozatzeko modurik onena. Ikusleak erakartzeko, kanpainak euro bateko zuzeneko deskontua dakar Internet bidez erositako sarrera guztietan, ikuslearen egunean izan ezik. Horrela, sarrerak modu seguruan erostea  sustatu nahi dute EZAEren aretoetan.

Bidaiariak zinera EZAE

2015eko gazteriaren sariaren babesleak gara