EZAE datorren igandean ospatuko den European Art Cinema Day egunera batuko da

EZAEko aretoek europar zinemaren ospakizunean parte hartuko dute karteldegian duten europar ekoizpen bati beherapena eginez

EZAE, Euskadiko zine-aretoen elkartea, European Art Cinema Day edo Arte Zinemaren Europako Egunaren hirugarren ediziora batuko da datorren igandean, urriaren 14an. Arte eta Saiakerako Zinemen Elkarteen Nazioarteko Konfederazioak (CICAE) eta europar zinemaren zabalpena bultzatzen duen Europa Cinemas zine-aretoen sareak sustatutako ekimenak gure kontinenteko zinema eta bertako zine-aretoen lana aintzat hartzen du, eta Europako 600 zine-aretoen elkarlanarekin jarri da martxan.

Modu horretan, euskal elkarteak egitasmoarekin bat egin nahi du EZAEren helburuekin bat egiten baitu zine-aretoen aberastasun kulturala defendatuz eta aretoek hiritar guztien topaleku gisa duten garrantzia azpimarratuz. EZAEko aretoek europar zinemaren ospakizunean parte hartuko dute karteldegian duten europar ekoizpen bati beherapena eginez. 

Elkartea sortu zenetik, duela lau urte, EZAEk europar zinemaren aldeko apustua egin du Zineuskadiren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker burututako ‘Bidaiariak zinera!’ gisako deskontu kanpainen bitartez. Azken hiru urtetan abian jarri den egitasmo horrek europar ekoizpenen kontsumoa sustatzen zuen sarreren prezioan egindako bi euroko beherapenaren bidez.
 

Bidaiariak zinera EZAE

2015eko gazteriaren sariaren babesleak gara