EZAE elkarteak euskal zinema bultzatuko du ‘Bidaiariak zinera!’ kanpainaren bitartez

Bueltan gatoz, laugarren urtez, euskal zinema protagonista izango duen 'Bidaiariak zinera!' egitasmoarekin

EZAEk, Euskadiko Zine Aretoen Elkarteak, ‘Bidaiariak zinera!’ kanpaina jarriko du martxan, laugarren urtez, berritasun garrantzitsuekin. Izan ere, euskal zinemaren sustapena izango du ardatz oraingoan. Horrela, EZAEren eta Zineuskadiren elkarlanari eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzari esker euskal elkartearen 62 zinema-aretotan abian jarriko den ekimenak bi euroko beherapena egingo die zazpi euskal ekoizpenei gutxienez. 2018ko azken hiruhilekoan eta 2019ko lehen seihilekoan estreinatuko dira pelikula horiek, eta posible da deskontua duten filmen zerrenda handitzen joatea. Areto bat baino gehiago dituzten zinemek estreinaldiko astera mugatuko dute prezio-murrizketa eta herriko zine-aretoek lehen bi asteetan egingo dute beherapena. 

Aurreko urteetan, sarreren prezioan eginiko beherapenen bitartez euskal eta europar ekoizpenei laguntza ematea helburu zuen kanpainak arrakasta handia izan du eta urtero 20.000 ikuslek baino gehiagok aprobetxatu dute eskaintza. Aurten, ordea, euskal zine-aretoen kudeatzaileek egitasmoa luzatzea erabaki dute euskal pelikulei lehentasuna emateko. Modu horretan, ‘Bidaiariak zinera!’ ostiralean abiaraziko dute, urriaren 5ean, Oreina filmarekin eta, gutxienez, hurrengo hilabeteetan estreinatuko diren beste dozena erdi euskal ekoizpen sustatuko ditu. Kanpainaren bilakaeraren arabera, beherapena izango duten filmen zerrenda handituz joan daiteke.

Laugarren urtez burutzen den egitasmoa ezaguna da jadanik euskal zinemazaleen artean. Euskal zein europar zinemagintza bultzatzeaz gain, Eusko Jaurlaritzak Zineuskadiren bitartez babestutako ekimenak ikusleak zinema-aretoetara erakartzeko asmoa ere badu, zinemaz gozatzeko espazio egokienak diren aldetik. Izan ere, EZAEren helburu nagusietarikoak dira zinearen kontsumoa zinema-aretoetan bertan bultzatzea eta kultur arloan areto hauek egiten duten lana aintzat hartzea, baita euskal eta europar zinea sustatzea eta zinema-kultura hedatzea ere. 

Beherapena izango duten pelikulak

Beherapena lortuko duen lehen filma Koldo Almandoz donostiar zinemagileak zuzendutako Zinemaldiko ‘Zuzendari Berriak’ sailean parte hartu duen eta Euskal Zinemaren Irizar Saria eskuratu duen Oreina ekoizpena izango da. Pasa den irailaren 28an estreinatu bazen ere, EZAE elkarteko areto bat baino gehiago dituzten zinemek bi euroko deskontua egingo diote urriaren 5etik 12ra, eta zine-areto txikiek laguntza hori hilaren 19ra arte luzatuko dute. 

Oreina filmaren ondoren, Cannesko zinema jaialdian parte hartu zuen eta Zinemaldian Publikoaren Saria lortu duen Un día más con vida ekoizpenaren txanda iritsiko da, urriaren 26an. Azaroa hasieran Julio Medem zuzendariaren obra berria, El árbol de la sangre, estreinatuko da, eta Glocal in Progress sarien irabazle Dantza izango da hurrengoa, abenduaren 21ean. Urte berriarekin, 2019ko urtarrilean, Soinujolearen semea iritsiko zaigu zine-aretoetara, eta beherapena izango duten pelikulen zerrenda bi estreinaldi handirekin itxiko da, momentuz: Vitoria, 3 de marzo eta Elcano, lehen mundu bira.

Parte hartzen duten zineak

Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako 62 zinema-areto batzen dituzten EZAEko 17 zinema eta zortzi enpresa-bazkide gehitu dira 'Bidaiariak zinera!’ kanpainara. Konkretuki, parte-hartzaileen artean, Donostiako SADE enpresaren hiru zine daude: Principe, Trueba eta Antiguo Berri. Areto enpresaren hainbat zinemek ere parte hartuko dute: Durangoko Gran Cinema Zugaza, Eibarko Coliseo Antzokia, Getxo Zinemak eta Zornotza Aretoa. Horiez gain, Hirutek enpresaren bost aretok ere bat egingo dute: Andoaingo Bastero kulturgunea, Zumarragako Zelai Arizti aretoa, Villabonako Gurea aretoa, Oñatiko zinea eta Lazkaoko Areria zinea. Halaber, Bilboko Golem Alhondiga eta Multicines, Laudio Top Zinema, Beasaingo Usurbe Antzokia eta Errenteriako Niessen Zinema ere izango dira egitasmoaren barne.
 

Bidaiariak zinera EZAE

2015eko gazteriaren sariaren babesleak gara