EZAEk martxan jarri du ‘Bidaiariak zinera!’ kanpaina euskal eta europar zinema sustatzeko helburuarekin

EZAEren eta Zineuskadiren elkarlanari esker, ikusleek bi euroko beherapena izango dute promozioaren barne dauden film guztietan. Euskal elkartearen 59 zinema-areto batu dira kanpaina honetara

EZAEk, Euskadiko Zine Aretoen Elkarteak, ‘Bidaiariak zinera!’ kanpaina jarriko du martxan, hirugarren urtez, euskal eta europar zinearen kontsumoa sustatzeko eta ikusleak zinema-aretoetara erakartzeko helburuarekin. Azken bi urteotan lortutako arrakastaren ondoren eta EZAEren eta Zineuskadiren elkarlanari esker, 59 zine-aretok sarreren prezioa murriztuko dute, urriaren 11tik aurrera, Euskadiko eta Europako zinema onena prezio ezin hobean ikusi ahal izateko.

Horregatik, ‘Bidaiariak zinera!’ egitasmoak euskarazko filmak, euskal ekoizpenak eta europar pelikulak sustatuko ditu, lehentasun maila horretan. Hortaz, ikusleek bi euroko beherapena lortuko dute promozioaren barne sartzen diren filmen sarreretan eta, aldi berean, bertako nahiz Europako zinema-sektoreari laguntza emango diote. Iaz, kanpainak jarraipen handia izan zuen euskal ikusleen artean: bi hilabete eta erdiko epean, beherapena zuten 12 filmak ikusteko 20.000 sarrera baino gehiago saldu ziren.

Hirugarren urtez burutzen den kanpaina hau ekimen ezaguna da jadanik euskal zinemazaleen artean. Euskal zein europar zinemagintza bultzatzeaz gain, Eusko Jaurlaritzak Zineuskadiren bitartez babestutako kanpaina honek ikusleak zinema-aretoetara erakartzeko asmoa ere badu, zinemaz gozatzeko espazio egokienak diren aldetik. Izan ere, EZAEren helburu nagusietarikoak dira zinearen kontsumoa zinema-aretoetan bertan bultzatzea eta kultur arloan areto hauek egiten duten lana aintzat hartzea, baita euskal eta europar zinea sustatzea eta zinema-kultura hedatzea ere. 

Hurrak eta Lapurrak 2
Hurrak eta Lapurrak (Operación Cacahuete) animazio ekoizpen arrakastatsuaren bigarren partea izango da beherapena lortuko duen lehen filma. Pelikula hau, Zineuskadik sustatutako ‘Zinema Euskaraz’ programaren barne sartzen da, zinema pantaila handian eta euskaraz bultzatzeko helburua duen egitasmoa, hain zuzen. Datorren asteazkenean, urriaren 11n, estreinatuko den Hurrak eta Lapurrak 2 filmari deskontua izango duten pelikula berriak batuko zaizkio astero. Zinema-areto bakoitzak beherapena duten filmen zerrendatik nahi duenari ezarriko dio prezio murriztua aste bakoitzean.

Kanpainaren leloak, ‘Bidaiariak zinera!’, zinemaren eta bidaiatzearen arteko lotura egiten du. Izan ere, zinemak toki, egoera, kultura eta ohitura ezberdinak ezagutzera eramaten ditu ikusleak. Horrela, euskal aretoek bultzatu nahi duten ideia da zinema publikoari beste errealitate batzuk erakusten dizkion bidaia aberasgarria dela. 

Parte hartzen duten zineak
Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako 59 zinema-areto batzen dituzten EZAEko 17 bazkide gehitu dira 'Bidaiariak zinera!’ kanpainara. Konkretuki, parte-hartzaileen artean, Donostiako SADE enpresaren bi areto daude: Príncipe eta Antiguo Berri. Areto enpresaren hainbat zinemek ere parte hartuko dute: Durangoko Gran Cinema Zugaza, Eibarko Coliseo Antzokia, Mungiako Torrebillela Zinema, Getxo Zinemak, Zornotza Aretoa eta Muskizeko Meatzari Zinema. Horiez gain, Hirutek enpresaren lau aretok ere bat egingo dute: Andoaingo Bastero kulturgunea, Zumarragako Zelai Arizti aretoa, Billabonako Gurea aretoa eta Oñatiko zinea. Halaber, Bilboko Golem Alhóndiga, Circuito Coliseo, Laudio Top Zinema, Beasaingo Usurbe Antzokia eta Errenteriako Niessen Zinema ere izango dira kanpainaren barne.
 

Bidaiariak zinera EZAE

2015eko gazteriaren sariaren babesleak gara