‘Handia’ filmak jaso du IV. EZAE Saria “euskal zinema eta kultura handi” egiteagatik

Euskadiko zine-aretoen elkarteak, mundu osoan dozenaka sari eskuratu dituen euskal ekoizpen honen "kalitate izugarria eta ibilbide bikaina" aintzat hartu ditu

IV. EZAE Sariak mundu osoan dozenaka sari eskuratu dituen ‘Handia’ pelikularen "kalitate izugarria eta ibilbide bikaina" aintzat hartu ditu. Euskadiko zine-aretoen elkarteak laugarren urtez emandako golardoak euskal zinema-industriari egindako ekarpena saritu du. Aurreko urteetan, berriz, Loreak eta Amama filmei eta Juanba Berasategi zinemagileari egokitu zitzaien saria. Donostiako Zinemaldiaren barne burututako ekitaldian, Aitor Arregi eta Jon Garaño zuzendariek jaso dute golardoa EZAEko presidente Alfonso Benegasen eskutik. 

Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Joxean Muñozek Euskadiko zine-aretoen lana eskertu du, etekin ekonomikoa bilatzeaz gain, “euskal zinemarekin konpromisoa hartu” dutelako. Sailburuordeak zinema-sektorearen eragile guztien arteko elkarlanaren garrantzia ere nabarmendu du, zinema-jaialdietatik hasita ekoizle, banatzaile eta zinema-aretoetara. Muñozek adierazi duenez, “EZAE Sariak elkarlan hori ikusarazten du”, eta “Handiak euskal zinema eta kultura handi” egiten dituela gaineratu du.

Bestalde, EZAEko idazkari Coro Odriozola harro agertu da “euskal zinemari aretoen bitartez bultzada emateaz, euskal zinemaren sektoreak osatzen duen katearen azken katebegi baitira”, eta filmaren ibilbidea txalotu du. Izan ere, 21 astez egon zen ‘Handia’ Donostiako zinema-aretoetan eta, Estatu osoan, 100.000 pertsonek ikusi ahal izan zuten pantaila handian. 

Odriozolak euskal zinema protagonista izango duten zine-aretoen elkartearen zenbait egitasmo aurreratu ditu. Euskadiko Filmategiarekin eta Kimuak katalogoarekin elkarlanean martxan jarriko den ‘Euskal Zinemaren Egunak’ publiko gaztea erakartzea izango du helburu, eta ikusle horiei “kalitatezko zinema aspalditik egiten dugula” erakutsiko die gure zinemagintzaren klasikoen bitartez. Era berean, ‘Bidaiariak zinera’ kanpainaren helburua euskal ekoizpenen sustapena izango da, sarreretan deskontua izango baitute euskal pelikulek. 

EZAEko presidente Alfonso Benegasen eskutik jaso eta eskertu dute saria ‘Handia’ filmeko zuzendariek. Aitor Arregik “zinema oso baliabide boteretsua” dela adierazi du, “ikuslearen buruan sartzeko atea” delako eta “ideia ezberdinak komunikatzea” ahalbidetzen duelako. Gainera, EZAE Saria “zinemaren profesionalen elkarlana sinbolizatzen” duela gehitu du. Bestalde,  Jon Garaño pozik agertu da “seguru asko pelikula honek lortuko duen azken saria Zinemaldian jasotzeagatik”. Izan ere, bertan hasi zen filmaren ibilbidea eta bertan jaso zituen ekoizpenak lehen bi golardoak. Horrez gain, saria publikoari eskaini dio eta zine-aretoei eskerrak eman dizkie pelikula erakusteagatik, ekoizpen guztien helburua baita pantaila handian estreinatzea. 

Bidaiariak zinera EZAE

2015eko gazteriaren sariaren babesleak gara