Amamak jasoko du II. EZAE Saria izandako publiko arrakasta eta nazioarteko ibilbideagatik
Donostia Zinemaldiaren barne egingo den ekitaldian jasoko dute saria filmeko ordezkariek. Sari-banaketan, EZAE eta Zineuskadi entitateen arteko lankidetzaren berri ere emango da.
'Amama' filmak jasoko du II. EZAE Saria datorren astelehenean, irailaren 19an, euskal zinemagintzari egindako ekarpenagatik. Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteak (EZAE) pelikularen kalitate artistikoa aintzat hartzeaz gain, filmak izan duen kritika eta publiko arrakasta, eta nazioarteko ibilbide luzea ere kontuan izan ditu. Iaz I. EZAE Saria jaso zuen 'Loreak' pelikularekin gertatu zen moduan, 'Amamak' euskal zinemari bultzada eman dio internazionalki eta gure zinemaren kalitatearen ordezkari izan da. Asier Altunak zuzenduriko filma mundu osoko 50 zinema jaialdietan egon da eta 18 sari jaso ditu.
Sari-banaketan José Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak, Alfonso Benegas eta Coro Odriozola EZAEko ordezkariek eta 'Amama' filmeko taldeak hartuko dute parte. Sariaz gain, EZAE eta Zineuskadi gauzatzen ari diren lankidetzaren berri ere emango zaie bertaratutakoei.
Ekitaldia datorren astelehenean izango da, irailak 19, Donostiako Kursaaleko Prentsa Klub aretoan, 10:15ean.