‘Bidaiariak, zinera!’ kanpainaren seigarren edizioa ostiral honetan hasiko da ‘El lodo’ eta ‘Alegría’ filmekin

‘Bidaiariak, zinera!’ kanpainaren seigarren edizioa ostiral honetan hasiko da, ikusleak zinema-aretoetara erakarri eta euskal nahiz europar zinemari bultzada emateko, prezio bereziak eskainiz. Kanpaina EZAEren eta Zineuskadiren arteko hitzarmenari esker gauzatuko da, eta, aurreko urteetan bezala, ikusleek bi euroko deskontu zuzena izango dute sarrerak erosteko garaian.

‘Bidaiariak, zinera!’ kanpainaren seigarren edizioa ostiral honetan hasiko da, ikusleak zinema-aretoetara erakarri eta euskal nahiz europar zinemari bultzada emateko, prezio bereziak eskainiz. Kanpaina EZAEren eta Zineuskadiren arteko hitzarmenari esker gauzatuko da, eta, aurreko urteetan bezala, ikusleek bi euroko deskontu zuzena izango dute sarrerak erosteko garaian. Euskadiko zinema-aretoen elkarteak deskontua jasoko duten bi film aukeratuko ditu astero. Batez ere, euskal zinemari eta euskarazkoari emango dio lehentasuna, baina europar filmen sustapena ere egingo du.

EZAE elkartera atxikitako zinemek automatikoki aplikatuko dituzte deskontuak, sarrerak leihatilan erosita. Ostiralean bertan jarriko da martxan ekimena, eta dagoeneko aukeratu dituzte laguntza hori jasoko duten lehen bi filmak: ‘El lodo’ eta ‘Alegría’. Hainbat areto dituzten zineek bi pelikuletako batean aplikatuko dute beherapena, eta udal aretoek, berriz, prezio hobaridunarekin programatu ahal izango dituzte biak.

Estreinaldiaren data zehazteke dagoen arren, kanpaina honetan beste film hauek ere sartuko dira: ‘Cerca de ti’, ‘Una librería en París’, ‘Pil’, ‘100 días con la tata’, ‘La abuela’ eta ‘Madeleine Collins’.

Lehen bost edizioetan, ‘Bidaiariak, zinera!’ oso arrakastatsua izan da. 2015ean ekimen honen lehen edizioa egin zenetik, 117.000 ikuslek jaso dute 60 filmetan aplikatutako zuzeneko deskontua.

EZAEko zortzi bazkidek (19 zinema eta 68 areto Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban) kanpainarekin bat egin dute oraingo honetan. Zehazki, SADE enpresako Donostiako hiru zinemek (Principe, Antiguo Berri eta Trueba), Areto enpresako zinemak (Durangoko Zugaza, Muskiz, Bermeo, Mungia), Getxo Zinemak, Golem Alhóndiga, Gorbeia zinemak, Bilboko Multicines, Beasaingo Usurbe Antzokia, Zarautzeko Modelo, Errenteriako Niessen Zinemak eta Hirutek enpresako Andoaingo Bastero kulturgunea, Zumarragako Zelai Arizti aretoa, Villabonako Gurea Aretoa eta Lazkaoko Areria aretoa.

Bidaiariak zinera EZAE

2015eko gazteriaren sariaren babesleak gara