Euskadiko zinemek 2,6 milioi ikusle galdu dituzte urte hasieratik COVID-aren ondorioz

EZAE elkartearen kalkuluen arabera, euskal aretoek 10 milioi euroko galerak izan dituzte, 2019ko epe berarekin alderatuta. Aurten Euskadin zinemara joan diren pertsonen kopurua % 65 baino gehiago murriztu da, iazko datuekin konparatuz.

Euskadiko zinemek 2,6 milioi ikusle galdu dituzte urte hasieratik, 2019ko garai berarekin alderatuta. Joan den urtean lau milioi lagun joan ziren euskal aretoetara urtarrilaren 1etik azaroaren 8ra, eta aurten 1,4 milioi bakarrik, %65 gutxiago.

Ikusle kopuruaren beherakada horrek eragin zuzena eta oso larria du zinemetako emaitza-kontuetan, ikusi baitute diru-sarrerak nabarmen murriztu direla aurten. EZAE zine-aretoen elkartearen kalkuluen arabera, euskal zinemen emaitza-kontuan metatutako galerak 10 milioi euro ingurukoak dira, 2019ko epe bereko zifrak kontuan izanda.

Datu horiekin, guztiz ulergarria da Euskadiko zinemetako askok ateak ixtea. Agintariek  aretoei ezarritako ikusle-edukieraren murrizketak, ordutegiak mugatzeak eta orain tabernak irekita edukitzeko ezintasunak egoera latzean utzi ditu zinema asko. Horri guztiari estreinaldi falta gehitu behar zaio; izan ere, pandemiaren hasieratik filmen estreinaldi kopuruak nabarmen egin du behera. Ondorioz, sektorea bere unerik kritikoenetako batean murgildurik dago, eta berehalako neurririk hartzen ez bada, haren bideragarritasuna arriskuan egon daiteke.

Larrialdi-egoera hori iritsi da, nahiz eta egiaztatu den zine-aretoak erabat seguruak direla, ez dela bertan birusaren agerraldirik izan eta agintariek ezarritako osasun-neurri guztiak zorrotz betetzen direla.

Bidaiariak zinera EZAE

2015eko gazteriaren sariaren babesleak gara