Euskal eta europar zinema sustatzeko kanpaina berria
Ikusleak zine-aretoetara erakarri eta zinema-sektorea bultzatzea du helburu egitasmoak
Bidaiariak zinera kanpaina aurkeztu berri dugu, ikusleak zine-aretoetara zinema-sektorea bultzatzeko. Egitasmoa Eusko Jaurlaritzaren 'Kultura Helburu' proiektuaren barne kokatzen da, euskal industria kulturala eta euskal sortzaileak sustatzeko. Zinemaz gain, liburuen, antzerkiaren eta zuzeneko musikaren kultur-sektoreak suspertzea ere xede du ekimenak.
EZAEko presidenteak, Alfonso Benegasek; Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak, Joxean Muñoz; liburu saltzaileen ordezkari, Andoni Aranzegi, Gipuzkoako liburu denden lehendakaria eta SAREA, Euskadiko Antzokien sarearen ordezkari Ana Lopez, parte hartu zuten prentsaurrekoan.
Horrela, 'Kultura helburu' kanpainak herritarrak erakarri eta gonbidatu nahi ditu, bertako sorkuntzaz gozatzera. Horretarako, promozio eta deskontu bereziak izango dira liburuak erosi eta antzoki eta zine-aretoetara joateko. Era berean, dagoeneko euskal kultur ekoizpena kontsumitzeko ohitura duten herritarren fideltasuna ere saritu nahi du ekimenak.
Kanpaina hauei esker, herritarrek aukera izango dute Euskadiko 54 antzoki, 16 zinema areto, 60 pantaila eta 67 liburudendatan euskal sorkuntza deskontuekin eskuratzeko.
Eusko Jaurlaritzak, Kultura Sailburuordetzaren bidez, 200.000 euro ipiniko ditu pizgarri ekonomikotarako, 50.000 euro sektore bakoitzerako.
Bidaiariak zinera
Bidaiariak zinera kanpainak ikusleak erakarri nahi ditu zine-aretoetara, hauek baitira pelikulez gozatzeko eta sektoreari bultzada emateko espazio egokiena. Euskarazko filmak, euskal produkzioak eta europar pelikulak sustatuko ditu egitasmo berriak, lehentasun maila horretan. Ekimenak bidaiaren metafora hartzen du oinarri; izan ere, film bakoitzak esperientzia, kultura eta egoera ezberdinetara darama ikuslea; hau da, barne bidaia aberasgarria dakar zinemak. Horrela, bertaratzen direnek 2 euroko beherapena izango dute promozioaren barne dauden filmetan.