Euskal zinema-aretoen ikusle kopuruak % 6 egin du behera 2024an, 2023arekin alderatuta, baina diru-bilketa bere horretan mantendu da

Iaz Euskadin gehien ikusi zen espainiar filma ‘La infiltrada’ izan zen, eta ikusle eta diru-bilketa gehien izan zituen nazioarteko ekoizpena, berriz, ‘Inside out 2’ izan zen.

 

Euskal zinema-aretoen ikusle kopuruak % 6 egin zuen behera 2024an, 2023arekin alderatuta, baina diru-bilketa mantendu egin zen. Aldaketa nabaria da, zinemetako zifrek etengabeko hazkundea izan baitzuten aurreko bi urteetan. 2024a Ameriketako Estatu Batuetako gidoilarien eta aktoreen grebak markatutako urtea izan da, eta, horren ondorioz, 2025era atzeratu dira aurreikusitako nazioarteko estreinaldi gehienak.

Euskadiko aretoetan bilketa %1 baino ez da jaitsi, 2023ko datuekin alderatuta: 23.704.000 eurotik 23.366.000 eurora pasa da. Deigarriagoa izan da ikusle kopuruaren jaitsiera: 3.640.000tik 3.421.000ra. Datu horiek Espainiako batez bestekoaren oso antzekoak dira.

Comscorek emandako datuetan oinarrituta, geldialdia nabari da, baina, egia esan, bigarren seihilekoa lehenengoa baino askoz hobea izan zen. Ekainaren 30ean, ikusle kopuruaren beherakada % 13 ingurukoa zen, eta, beraz, susperraldi handia izan da urtearen bigarren erdian, eta 2025 honen hasieran ere hala jarraitzea espero da.

Datu gehigarri gisa, 2024an ez da euskal filmen arrakasta handirik nabaritu leihatilan, 2023an ‘Irati’ edo ‘20.000 erle-espezie’ filmekin gertatu zen bezala. Lan horiek, Euskadin egindako beste ekoizpen batzuen emaitza onekin batera, berebiziko bultzada eman zieten aretoei.

Euskadiko film arrakastatsuenak
Euskadin, 2024an, 10 film arrakastatsuenak honako hauek izan dira, hurrenkera honetan: ‘Inside out 2’, ‘Deadpool y Lobezno’, ‘Gladiator II’, ‘Gru 4 mi villano favorito’, ‘Vaiana 2’, ‘La Infiltrada’, ‘Dune: Parte Dos’, ‘Kung Fu Panda 4’, ‘Robot salvaje’ eta ‘Padre no hay más que uno 4’.

Deigarria da Euskadin gehien ikusi den espainiar filma, hain zuzen ere, euskal ekoizpen bat izan dela, ‘La infiltrada’; Estatuko gainerako tokietan, berriz, ‘Padre no hay más que uno 4’ izan da. Gainera, ‘La infiltrada’ sailkapen orokorreko seigarren pelikula ikusiena da euskal zinema-aretoetan.

Nazioarteko estreinaldien artean, euskal ikus-entzuleek ‘Inside out 2’ aukeratu dute: 1.863.597ko diru-bilketa lortu du eta 261.933 pertsonek ikusi dute. Datu horiek ‘Deadpool y Lobezno’ bigarren sailkatuak lotutakoen bikoitza dira.

Bidaiariak zinera EZAE

2015eko gazteriaren sariaren babesleak gara