EZAE elkarteak ‘Maixabel’ saritu du, 2021ean zinema-aretoetara ikusle gehien erakarri zituen euskal filma 

Maixabel Lasak eta Koldo Zuazuak VIII. EZAE Saria jaso dute gaur ‘Maixabel’ filmarengatik, euskal zinemari ekarpen handia egin baitio eta 2021ean Euskadiko zine-aretoetara ikusle gehien erakarri dituen euskal pelikula bilakatu delako.

Premio EZAE Maixabel

Maixabel Lasak eta Koldo Zuazuak VIII. EZAE Saria jaso dute gaur ‘Maixabel’ filmarengatik, euskal zinemari ekarpen handia egin baitio eta 2021ean Euskadiko zine-aretoetara ikusle gehien erakarri dituen euskal pelikula bilakatu delako. Donostia Zinemaldiaren baitan egindako ekitaldi batean, Joxean Fernández Zinemaldiko Zuzendaritza Batzordeko kideak eta Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak filmaren balio zinematografikoa azpimarratu dute, baita ikusleen harrera bikaina eta euskal gizartean izan duen eragina ere.

Joxean Fernández 'Maixabel' filmaren lehen ikustaldiaz mintzatu da, eta bertaratutako guztiak erabat hunkituta atera zirela gogorarazi du. Horregatik, berehala erabaki zuten Donostiako Zinemaldiko sail ofizialean sartzea. Filmak Zinemaldian parte hartu izanak “harro” sentiarazten diola esan du, eta pozik agertu da jaialdian lortutako ospea lagungarria izan zitzaiolako zinema-aretoetara jende gehiago erakartzeko.

Unibertsitatean Maixabel Lasarekin izandako mahai-inguru batean gertatutako pasadizo bat ere partekatu du Fernándezek. Ikasle batek Maixabeli galdetu zion ea bizitako esperientziak pertsona hobea egin ote zuen, eta Fernándezek hitza hartu zuen baieztatzeko ziur zegoela “Maixabel ezagutzeak gu hobetzeko balio izan duela”.

Aitziber Atorrasagastik ere gogora ekarri du filma ikusi zuen lehen aldia, Eusko Jaurlaritzako beste kide batzuekin batera. “Asko hunkitu gintuen eta urte haien gogortasuna gogorarazi zigun. Gainera, filmak erronka oso zaila erdietsi duela adierazi du: “gizarte gisa nola hobetu irakatsi digu. Nabarmentzen dituen balioak, enpatia eta adiskidetzea kasu, inoiz baino beharrezkoagoak dira”.

EZAEko presidente Alfonso Benegasek ‘Maixabel’ pelikularen bertute ugariak aipatu ditu. "Oso gurea da, beharrezkoa, publikoarengatik eta publikoarentzat egina". Istorioa hunkigarria da; ikuslea entretenitzetik haratago doa, kontzientzia sortzen du. Benegasek 2021ean sarrera gehien saldu zituen euskal filma izan zela nabarmendu du eta jaso dituen sari ugariak aipatu ditu; horien artean, hiru Goya.

Era berean, EZAEko arduradun nagusia sortzaile, teknikari eta aktore guztiei zuzendutako mezua helarazi du, ezinbestekoak direla jakinarazteko; eta lanean jarraitzera animatu ditu, euren proiektuak euskal zine-aretoetan laster ikusi ahal izateko. “Sektorea bultzatu behar dugu guztion artean, eta, hortaz, zuen ondoan izango gaituzue”. Azkenik, eskerrak eman dizkie zinema-aretoekin konprometitutako eragile guztiei, “ez baitago leku hoberik film batez gozatzeko”.

Koldo Zuazua hunkituta igo da saria jasotzera. Kontatu du Maixabel 2002an ezagutu zuela ‘La pelota vasca’ filmaren grabazioan, eta “negar pila bat egin” zutela aitortu du. Pelikula hau gauzatzeko “ezinbestekoak izan diren pertsona guztiei” eskerrak eman dizkie. “Film honek aldarazi egin gaitu”, ziurtatu du.

Bestalde, pelikulak Euskaditik kanpo ere arrakasta izan duela azaldu du Zuazuak, eta hasieran ez zutela horrelakorik espero. Baina Disney konpainiak berehala ikusi zuen pelikula handia zela, “orokorra, unibertsala”, eta hala egiaztatu ahal izan dute Estatu osoan lortutako arrakastarekin. Gainera, oraindik ere ibilbidea egiten jarraitzen du filmak: Frantzian eta Italian estreinaldi berriak izango ditu, eta beste herrialde batzuetara iristear dago, Ameriketako Estatu Batuetara kasu.

EZAE lehen saria 'Loreak' filmak jaso zuen 2015eko Zinemaldian. 2016an, 'Amama' izan zen saritua; 2017an, berriz, Juanba Berasategi zinemagileak hil osteko omenaldia jaso zuen; 2018an, 'Handia' izan zen film saritua; 2019an, 'Dantza'; 2020an, 'La Trinchera Infinita', eta iaz, berriz, 'Akelarre'.
 

Bidaiariak zinera EZAE

2015eko gazteriaren sariaren babesleak gara