EZAEk ‘Amama’ saritu du, “hemen bakarrik egin zitekeen pelikula unibertsala delako”

Donostia Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek 'Amama' “euskal zinemaren film handienetakoa” dela adierazi du, eta euskal zinemaren momentu bikaina azpimarratu du

Amama filmak EZAE Saria jaso du

Euskal zinemagintzari egindako ekarpenagatik jaso du II. EZAE Saria Amama filmeko taldeak, gaur goizean Donostia Zinemaldian egindako ekitaldian. Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek pelikula saritua “hemen bakarrik egin zitekeen film unibertsala” dela adierazi du. 

Zinema-industriaren dozenaka ordezkari bildu dira sari-banaketan, 50 zinema jaialditan izan den eta 18 sari jaso dituen ekoizpen honen lorpenak aintzat hartzeko. Nazioarteko arrakastaz gain, Amama Estatuko 85 zinema-aretotan estreinatu da, eta Frantziako 26 pantailatan.

Rebordinosek gogorarazi du saritutako filmak iazko Zinemaldiko Sail Nagusian parte hartu zuela, eta pelikula “euskal zinemaren produkzio gorenen artean” dagoela adierazi du. Zinemaldiko zuzendariak EZAEren lana eskertu nahi izan du, gainera. Izan ere, elkarteak, zine-aretoetako emanaldiei esker, "euskal zinemaren aldeko lan garrantzitsua” egiten duela adierazi du Rebordinosek. Aldi berean, erakundeen eta euskal telebistaren inplikazio handiagoa eskatu du, gure zinemagintzaren momentu ona alferrik ez galtzeko. 

Bestalde, Amama filmaren merituak azpimarratu ditu Coro Odriozola EZAEko idazkariak. Pelikularen "kalitate artistiko ukaezina" nabarmendu du, "kritikariek eta publikoak txalotua" izan dena. Gainera, 2015ean ikusle gehien erakarri dituen euskal filma dela gogorarazi du.
Filmaren lantaldeko ordezkari ugari izan dira Donostiako Kursaalean gauzatutako sari-banaketan. Asier Altuna, zuzendaria; Kandido Uranga aktorea, eta Marian Fernández ekoizlea bertaratu dira, besteak beste, golardoa jasotzera. Fernándezek, Txintxua Fims-eko ordezkari gisa, eskerrak eman dizkie Zinemaldiari, Golem banaketa-enpresari, EZAEri eta Amama-ren lantaldeari, "pasioz eta arduraz landutako proiektu kolektibo honen arrakastari mesede egiteagatik". 

'Bidaiariak zinera' eta 'Zinema Euskaraz' 

Coro Odriozolak Euskadiko zine-aretoen elkarteak burutzen duen lana azaldu du, eta proiektu berriak iragarri ditu. Zehazki, elkartearen helburuez mintzatu da: zinema-kultura bultzatzea eta euskal nahiz europar zinearen kontsumoa sustatzea, besteren artean. Horrez gain, 'Bidaiariak zinera' kanpainaren emaitzak positiboki baloratu ditu, ekimenak jende ugari erakarri baitu zinemara deskontuen bitartez.

EZAEko ordezkaria euskal kulturaren sektorea bateratzearen alde agertu da, eta, zentzu horretan, euskal zine-aretoek Zineuskadirekin egiten duten elkarlana azpimarratu du. 'Zinema Euskaraz' programaren bidez, film ugari euskarara bikoizten dira urtero. Horrela, datozen hilabeteetan, Cigueñas, Laban, Ozzy Ballerina eta Batman Lego ikusi ahal izango dira euskaraz. Duela gutxi, Printze Txikia estreinatu da, eta aldez aurretik honakoak aurkeztu dira euskal zine-aretoetan: Phantom Boy, Iparraldeko Norman, Egun handia, Oker, Albert, Tximinoen Erresuma, Zipi eta Zape eta kapitainaren irla, Mustang eta K2. Zerua Ukitzen.

Bidaiariak zinera EZAE

2015eko gazteriaren sariaren babesleak gara