EZAEk bat egin du FECEren erreklamazioarekin: zinema-aretoetan “ezinbesteko” 100 eguneko erakusketa-leihoa berreskuratzea

EZAE elkarteak, Euskadiko zinema-areto pribatuak eta kudeaketa pribatukoak biltzen dituenak, bat egin du FECE Espainiako Zinemen Federazioaren erreklamazioarekin: zinema-aretoetan estreinatzen diren film guztiei 100 eguneko erakusketa-leihoa ezartzea plataformetara salto egin aurretik. Eskaera horren helburua zinema-aretoak indarberritzea da, eta presazkoa dela adierazi dute pandemiak eragindako kolpea gainditzeko gai izan daitezen.

  • FECEk, Espainiako Zinemen Federazioak, ICAAri helarazi dion erreklamazioaren arabera, zinemetan estreinatzen diren film guztiei 100 eguneko erakusketa-leihoa ezarri behar zaie plataformetara salto egin aurretik.
  • Pandemia hasi eta agintarien agindupean zinema-aretoak itxi zituztenean, erakusketa-leiho horrek izugarrizko murrizketak jasan zituen: soilik 45 egun aplikatzen zituzten. Gainera, zinemetan eta plataformetan aldi bereko estreinaldiak egitea ere baimendu zuten.
  • EZAE eta FECE elkarteentzat egoera horrek karteldegiko filmen ustiapena zaildu du, zinema-aretoei kalte handia eragin dielako eta sektorea suspertzea oztopatu duelako.
  • Egoera bereziki gogorra da Euskadin, 2020tik 2021era euskal aretoek 20 milioi euroko galerak izan baitzituzten.

EZAE elkarteak, Euskadiko zinema-areto pribatuak eta kudeaketa pribatukoak biltzen dituenak, bat egin du FECE Espainiako Zinemen Federazioaren erreklamazioarekin: zinema-aretoetan estreinatzen diren film guztiei 100 eguneko erakusketa-leihoa ezartzea plataformetara salto egin aurretik. Eskaera horren helburua zinema-aretoak indarberritzea da, eta presazkoa dela adierazi dute pandemiak eragindako kolpea gainditzeko gai izan daitezen.

Koronabirusagatik zinema-aretoak itxi zituztenean, erakusketa-leiho horrek izugarrizko murrizketak jasan zituen: soilik 45 egun aplikatzen zituzten. Gainera, zinemetan eta plataformetan aldi bereko estreinaldiak egitea ere baimendu zuten.

EZAE eta FECEren ustez, egoera horrek "karteldegiko filmen ustiapena zaildu du eta zinema-aretoei kalte handia egiten die, estreinaldien komunikazioa nahasgarria baita eta sektorearen susperraldia atzeratu egiten duelako". Elkarteon iritziz, kontuan hartu behar da aretoetako zinema-kontsumoa dela "zinema-industria osoa eusten duen giltzarria".

Murrizketarekin lotutako beste ondorio negatibo bat ikusleari ematen zaion desinformazioa da, filmak noiz eta non ikus ditzaketen azaltzen duten mezu kontraesankorrekin nahasten baita. Hain zuzen, ikusleak aretoetara itzultzea lortzeko industriak aurkitzen duen oztopo nagusietako bat dela uste dute bi elkarteek.

FECEk prentsa-ohar batean nabarmendu denez, "pandemiaren aurretik ere, erakusketa-leiho hau arrakasta-eredu gisa agertu izan da beti, zinema-industria osoarentzat onuragarria izan baita. Leihoetan ordenatuta ustiatzeak filmen estreinaldiko inpaktua indartu eta hedapena luzatzen du. Hau da, aretoetan ikusle gehien lortu dituzten pelikulak salmenta eta audientzia aldetik arrakastatsuak izaten dira ondoren hartzen dituzten kanaletan".

Horregatik guztiagatik, FECEk eta EZAEk uste dute "premiazkoa eta beharrezkoa" dela sektorea berrantolatzea, "karteldegitik igarotzen diren estreinaldi guztiei 100 eguneko erakusketa-leiho esklusiboa" ezarriz.

Gogoraraztekoa da Zinemaren Legeak hiru hilabeteko leiho bat zuela laguntza publikoak jasotzen zituzten filmetarako, 2015ean indargabetu zen arte. Halaber, Frantziak, zinemagintzaren arloan erreferentziazkoa den herrialdeak, 15 hilabeteko leiho bat ezarri zuen zinema-aretoetan estreinatu eta streaming bidez merkaturatu bitartean; eta Italian, berriz, 90 eguneko leiho bat onartu berri dute zineman estreinatzen diren filmentzat, nazionalitatea edozein izanik ere, zinema-aretoei laguntzeko neurri gisa.

Egoera bereziki gogorra da Euskadin, 2020tik 2021era euskal aretoek 20 milioi euroko galerak izan baitzituzten.
 

 

Bidaiariak zinera EZAE

2015eko gazteriaren sariaren babesleak gara