EZAEk eta FECEk oso kautelazko neurriak eskatu dizkiote EAEko Auzitegi Nagusiari, aretoetan jateko debekuak eragindako galera handiak direla eta

EZAEk (Euskadiko zinema-aretoen elkartea) eta FECEk (Espainiako Zinemen Federazioa) uste dute segurtasun juridikorik eza, neurriaren arbitrariotasuna, berdintasun-printzipioaren urraketa (bidegabekeria konparatiboagatik) eta justifikaziorik eta proportzionaltasunik eza gertatzen ari direla. Euskadiko zinemek, guztien kaltea zenbatuta, 27.432 euro galtzen dituzte egunean, gozokiak eta freskagarriak kontsumitzea onartzen ez delako; bi asteotan, hain zuzen, 384.041 euro galdu dituzte, guztira.

 Euskadi aretoetan kontsumitzea debekatzen duen Estatuko erkidego bakarra da

EZAEk (Euskadiko zinema-aretoen elkarteak) eta FECEk (Espainiako Zinemen Federazioak) administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu dute gaur goizean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, kautelazko neurriak eskatzeko, osasun-sailburuaren urriaren 6ko aginduaren aurka. Izan ere, agindu horren bidez, gozokiak, freskagarriak edo antzekoak kontsumitzea debekatzen da zinema-aretoetan. Emandako argudioen artean, Euskadiko zinemetan produktu horiek saltzeari utziz egun bakoitzeko galera bateratua 27.432 eurokoa dela zehazten da, diru-sarrerek eta ikusle kopuruak behera egitean ondorioz. Gainera, sektorearen ustez, segurtasun juridikorik eza, neurriaren arbitrariotasuna, berdintasun-printzipioa urratzea konparaziozko bidegabekeriagatik, eta justifikaziorik eta proportzionaltasunik eza gertatzen ari dira.

Egoera horren aurrean, zinema-aretoek eskatzen dute Osasun Sailaren 2021eko urriaren 6ko Aginduaren eranskinaren bigarren eta bosgarren atalen indarraldia eten dadila presazko prozeduraren bidez, freskagarriak, gozokiak eta antzekoak berriro kontsumitu ahal izateko Euskadiko zinema-aretoetan. Garrantzitsua da gogoratzea jarduera horrek, batez beste, euskal zinemen irabazien % 30 dakarrela, eta horietako batzuetan % 45 izatera iristen dela; beraz, murrizketa horrek mehatxu larria egiten dio areto askoren biziraupenari, denboran luzatuz gero. Horrez gain, nabarmentzekoa da Euskadi dela zinemetan kontsumitzeko debekua ezarri duen autonomia-erkidego bakarra Estatu osoan.

Errekurtsoak azaltzen du, halaber, pandemian ez dela kutsatze-fokurik izan Euskadin, eta gozokien, freskagarrien eta antzekoen salmenta- eta kontsumo-zerbitzua eskaini izan dela, intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 400 kasura iristen zenean eta txertaketa-tasa oraindik oso txikia zenean. Hala ere, egoera soziosanitarioa nabarmen arindu den honetan, zinema-aretoen jarduera modu ulertezinean murriztea erabaki da, lehen baimentzen zitzaiena debekatuz, sektore ekonomiko askoren egoera orokorra hobetu den bitartean.

Argudio juridikoak

Errekurtsoa aurkezteko beste arrazoi batzuen artean, EZAEk eta FECEk uste dute segurtasun juridikorik eta arbitrariotasunik eza dagoela; izan ere, Osasun Sailaren 2021eko urriaren 6ko Aginduan, ekitaldiez hitz egiten da, zinema-aretoak berariaz aipatu gabe, horiek, nolanahi ere, ohiko programazioa duen jarduera arrunta izango bailirateke. Eta maskara nahitaez erabili beharrari buruzko bigarren atala hitzez hitz kontuan hartuta, gozokiak, freskagarriak edo antzekoak kontsumitzea debekatzeko erabiltzen bada, txokoetan, elkarte gastronomikoetan, eskola-jantokietan eta lantokietako jateko espazioetan ere aplikatu beharko litzateke, non elikagaiak eta edariak kontsumitzen diren 1,5 metroko distantzia errespetatu beharrik gabe. Eta, gainera, zinema-aretoetan ez dago interakzio sozialik, ikusle guztiak norabide berean daude eserita, jarduera isilean garatzen da, maskara kentzea puntuala da, espazioak oso zabalak dira eta aireztapen-sistema ezin hobeak dituzte, eta ikusle guztiek ez dituzte elikagaiak kontsumitzen, ezta une berean egin ere.

Era berean, Osasun Sailaren aginduak justifikaziorik eta proportzionaltasunik ez duela uste dute, Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoa, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorra eta Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorra kontuan hartuta. Horietan, osasuna babesteko ekintza guztiak proportzionaltasun- eta arreta-printzipioen arabera arautuko direla adierazten da, eta horien iraupena ez dela izango arrisku-egoerak eskatzen duen denbora baino luzeagoa. Eusko Jaurlaritzaren aginduan ez dago murrizketak justifikatzen dituen berehalako arrisku larriko egoerarik, eta zinema-aretoei eragiten zaien kaltea ere ez dago proportzionatua.

Eusko Jaurlaritzaren laguntza

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak zinema-aretoei pandemiaren eta neurri murriztaileen ondorioz ikusleen beherakada arintzeko iragarritako 200.000 euroko laguntzei dagokienez, EZAEk zehaztu nahi du laguntza horiek ez direla inola ere nahikoak, eta laguntza askoz ere sendoagoak behar direla. Izan ere, ezarritako oinarrien arabera, babesa jasotzeko, Europako edo Latinoamerikako filmen hamar estreinaldi eskaini beharko dira 2022ko martxoaren 31 baino lehen, eta gehienez 15.000 euro jaso ahal izango dituzte hiru areto baino gutxiago dituzten zinemek, eta 25.000 euro arte hiru aretotik gora dituztenek.
Baina errealitatea bestelakoa da: Euskadiko areto kopurua kontuan hartuta, 200.000 euroen banaketa egiterakoan, 4.110 euro baino ez dituzte jasoko hiru areto baino gutxiago dituzten zinemek, eta 6.849 euro egokituko zaizkie hiru aretotik gora dituztenei. Hau da, areto bakoitzari zuzendutako benetako laguntzak Eusko Jaurlaritzak iragarritakoen % 27 baino ez lirateke izango.

Garrantzitsua da kontuan hartzea euskal zinema-aretoek 16 milioi euro eta 5 milioi ikusle galdu dituztela pandemia hasi zenetik, eta udako estreinaldien ondoren publikoak erantzun egin zuela; beraz, sektorea suspertzen hasi berria zen. Zoritxarrez, gaur egungo egoera ikusita, euskal zinema asko aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak berraktibatzera behartuta daude, eta lan-taldearen % 50ari eragingo liekete.
Sektorearen datuen arabera, freskagarriak eta gozokiak kontsumitu ezin izan diren azken 14 egunetan, galerak eguneko 27.432 eurokoak izan dira, eta 384.041 eurokoak bi asteak zenbatuz. Kalte handi hori eragiten dute bai diru-sarreren galera zuzenak eta bai ikusleen portzentajea % 20an murriztu izana. Hain zuzen ere, ikusleen ehuneko batek erabakitzen du zinemara ez joatea esperientzia osoaz gozatu ezin badu, hau da, jan eta edateko aukerarik ez badu.
 

Bidaiariak zinera EZAE

2015eko gazteriaren sariaren babesleak gara