EZAEK PROGRAMA BERRI BAT ABIARAZI DU ZINEMA-ARETOETARA PUBLIKO BERRIAK ERAKARTZEKO

EZAEk ‘Zinemazale berriak’ programa jarriko du abian, zinema-aretoetara publiko berriak erakartzeko. Horretarako, euskarazko filmak eskainiko ditu maiatzetik aurrera, asteburuetan goizez eta prezio berezian.

Zinemazale berriak kanpainaren kartela

Ekimenak bi helburu ditu: batetik, zinema-aretoetara joatea sustatzea, COVID 19 pandemiaren ondorioz ikusleen kopuruak behera egitearen ondorioak arintzeko, eta, bestetik, euskarazko filmen aldeko apustua egitea, 2012tik abian den Zinema Euskaraz programarekin bat etorriz. ‘Zinemazale berriak’ programak filmen zerrenda egingo du Zinema Euskaraz katalogoan oinarrituta. Horrela, euskal zinema-aretoetan arrakasta handia izan zuten filmak eta ikusleentzat erakargarriak direnak berreskuratu ahal izango dira.
Programa hau bat dator EZAEren helburuekin; hau da, kultura zinematografikoa sustatzea, komunikatzea eta zabaltzea. Eta, aldi berean, kanpainak euskal zinema-aretoak leku erabat seguruak direla eta osasun-eskakizun guztiak zehatz-mehatz betetzen dituztela jakinarazteko balioko du.
Halaber, EZAEk hedapen-kanpaina bat egingo du hedabideen eta sare sozialen bidez, euskal herritarrei ekimenaren berri emateko.
Programa honetan parte hartu ahal izango dute Euskadiko zinema pribatuek edo kudeaketa pribatua dutenek, betiere EZAEk ekimen hau garatzeko eskatzen dituen konpromisoak betetzen badituzte. Parte hartu nahi duten enpresek maiatzaren 10eko 17:00ak arte aurkeztu ahal izango dute eskaera admin@ezae.eus helbidera email bat bidaliz.

Bidaiariak zinera EZAE

2015eko gazteriaren sariaren babesleak gara