Zinema-aretoen eginkizuna aldarrikapen bilakatu da ‘La trinchera infinita’ filmari egokitutako VI. EZAE Sariaren banaketa-ekitaldian

Ikus-entzunezko sektoreak bizi duen egoera zailaren harira, zinema-aretoen eginkizuna aldarrikapen bilakatu dute ekitaldian: filmez gozatzeko leku aproposena direla nabarmendu dute jaialdiko zuzendari José Luis Rebordinosek, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendari Aitziber Atorrasagastik eta EZAE elkartearen koordinatzaile Coro Odriozolak.

‘La trinchera infinita’ filmak jaso du gaur, Donostia Zinemaldiaren baitan, VI. EZAE Saria. Ikus-entzunezko sektoreak bizi duen egoera zailaren harira, zinema-aretoen eginkizuna aldarrikapen bilakatu dute ekitaldian: filmez gozatzeko leku aproposena direla nabarmendu dute jaialdiko zuzendari José Luis Rebordinosek, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendari Aitziber Atorrasagastik eta EZAE elkartearen koordinatzaile Coro Odriozolak. Horrez gain, ikus-entzunezko sektorearen balio-kateko eragile guztien arteko elkarlanaren alde apustu egin dute, egungo egoera zailari aurre egin ahal izateko.

José Luis Rebordinosek euskal zinemak bizi duen momentu ona azpimarratu du, nazioartean gero eta oihartzun eta arrakasta gehiago eskuratzen ari baitira bertako ekoizpenak. Gainera,  aretoak defendatze aldera sortutako EZAE elkartea “eredugarria” dela adierazi du, eta zinemak leku “seguruenetarikoak” direla erantsi du. Film irabazlearen lantaldea zoriondu eta dagoeneko “familiakoak” direla aitortu du barre artean, azken urteetan jaso duten sari zaparradaren harira.

Aitziber Atorrasagastik baieztatu duenez, “kalitatezko filmak sortzen jarraitu behar dugu Euskadin”; eta balio-kateko eragile guztiak lanean jarraitzera animatu ditu, zailtasunak zailtasun, “beren istorioekin hunkitzen jarraitu ahal izateko”. Eusko Jaurlaritzaren eta EZAEren arteko lankidetzaren barne martxan dauden proiektuak errepasatu ditu Atorrasagastik: euskarara bikoiztutako pelikulak bultzatzeko Zinema Euskaraz programa eta ‘Bidaiariak zinera’ kanpaina. Euskal, espainiar eta europar filmak sustatzeko eta jendea zine-aretoetara erakartzeko helburu du azken egitasmo horrek.

EZAE elkartetik, Coro Odriozola koordinatzaileak 2019an aurkeztutako euskal filmen zerrenda luzea azpimarratu du, eta “guztiak saritzea” gustatuko litzaiekeela onartu du. Beste hautagaien artean (‘El hoyo’, ‘Agur Etxebeste’, ‘Ventajas de viajar en tren’, ‘Lur eta Amets’, ‘Elkano’ edo ‘Soinujolearen semea’) nabarmendu da ‘La trinchera infinita’, zinemetan izandako harreragatik (240.000 ikusle baino gehiago) eta lortutako aintzatespen ugariengatik. Azkenik, Zinemaldia presentzialki ospatzearen aldeko apustua txalotu du, baita jendea zinemara erakartzeko egindako keinua ere; izan ere, segurtasun-neurrien bideoen amaieran zinemara etortzeagatik eskerrak ematen dizkie Zinemaldiak ikusleei.

‘La trinchera infinita’ filmaren ordezkari gisa izan dira ekitaldian Joxe Mari Goenaga, Jon Garaño eta Aitor Arregi sortzaileak. Goenagak jakinarazi du ilusio bereziki handia egiten diela saria “hain zaila” den urte honetan jasotzeak. “Sortzaile nahiz ikusle gisa uste dugu zine-aretoak direla zinemaren esperientziaz % 100ean gozatzeko lekua”. Zentzu horretan, aipatu du euren azken filma aretoetan ikusi eta, batez ere, entzuteko egina dagoela. “Plataformek ezin dute zine-aretoen esperientziarekin lehiatu: filmeez iluntasunean eta baliabide tekniko onenekin gozatzea. Zinema sozializatzea ere bada”, adierazi du.

Lehenengo EZAE sariak ‘Loreak’ filmaren ibilbidea aintzatetsi zuen 2015eko Zinemaldian. 2016. urtean, berriz, ‘Amama’ pelikula izan zen saritua; 2017an, Juanba Berasategi zinemagileak hil osteko omenaldia jaso zuen; 2018an, ‘Handia’ filmari egokitu zitzaion saria, eta, iaz, ‘Dantza’ izan zen irabazle.

Bidaiariak zinera EZAE

2015eko gazteriaren sariaren babesleak gara