Zinemaldiak EZAEk Gazteriaren Saria babestuko duela iragarri du

Erabakia elkarteak kultura zinematografikoarekiko eta zinearen industria osoarekiko duen konpromisoa berretsi asmoz hartu da

EZAEk Zinemaldiko Gazteriaren Saria babestuko du

EZAEk, Euskadiko Zine Aretoen Elkarteak, aurtengo Zinemaldiko Gazteriaren saria babestuko du. Erabaki hori hartu du elkarteak kultura zinematografikoarekiko eta zinearen industria osoarekiko duen konpromisoa berretsi asmoz.  Gazteak zine aretoetara hurbiltzeko xedea bereziki kontuan izan du EZAEk, horren aldeko ahaleginak biderkatu behar direlakoan baitago.  Zentzu horretan, zinemak ikus-entzunezko edozein produkzioz gozatzeko gune ezin hobeak direla nabarmentzen du.
Zuzendari Berriak eta Horizontes Latinos sailetako filmak izango dira sari hau jasotzeko hautagai, baldin eta zuzendariaren lehen edo bigarren lana badira. Saria 18 eta 25 urte bitarteko 230 ikasle gaztek osatutako epaimahai batek emango du.

Gazteriaren Sariak Zinemalditik haratago ere ibilbidea izango du. Zinemaldiko sekzio horretan hobekien baloratzen dituzten pelikulek izango duten bultzada aprobetxatuz, filma horiek EZAEko bazkideen aretoetan proiektatuko dituzte Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen Zineuskadi Ikus-entzunezko Sektorearen Plataforma Publikoaren bidez. Elkarlan horri esker, emanaldi berezietan eta prezioa jaitsiz eskainiko dira, gazteak pelikulak ikustera animatzeko. Proiekzio bakoitzaren ondoren, zuzenduriko eztabaida bat irekiko da pelikulen balioetan hausnartzeko.

Zinemaldiko filmak gehienbat EZAEren aretoetan proiektatzen dira. Beraz, elkarteak uste du Zinemaldiari ematen dion babes horrek oso aukera ona eskaintzen duela gazteak zine aretoetara erakartzeko eta, aldi berean, Euskadin kultura zinematografikoa zabaltzeko.

EZAEREN SORRERA

Duela hilabete gutxi eratu da EZAE zinema kultura sustatzeko, komunikatzeko eta hedatzeko, baita zine pribatuak iraunarazteko eta dinamizatzeko ere. Bazkideek ibilbide profesional azpimarragarria izateaz gain, leku nabarmena dute euskal kulturan, eta sorkuntzaren nahiz zinema-kultur aniztasunaren alde lan egiten dute.

Era berean, EZAEk zine aretoen ekipamenduak eta jarduerak Euskadiko kultur sarean integratu nahi ditu. Horretarako, EZAE eta ZINEUSKADI elkarlanean ari dira ikus-entzunezkoen kontsumoa bultzatzeko ekintzak sustatu eta Euskadiko zine aretoetara ikusleak erakarri asmoz. Kanpaina horiek, bereziki, euskarazko zinea eta Europako ekoizpenak sustatu nahi dituzte.

EZAEren helburuen artean dago zinea ezagutzera emateko guneak sortzea, garatzea eta hedatzea, baita beste kultura adierazpen batzuk ere. Era berean, ezagutza sustatuko duten guneak sortzearen eta zinea jendarteratzearen alde egiten du apustu. Hori guztia,  gizartean tolerantzia, integrazioa eta kohesioa bultzatzeko.

Bidaiariak zinera EZAE

2015eko gazteriaren sariaren babesleak gara