Zineuskadik eta EZAEk indarrak batu dituzte euskal eta europar zinemaren kontsumoaren igoera mantentzeko
EZAEk euskal ekoizpeneko filmen eta haurrentzako euskarazko pelikulen estreinaldia bultzatzeko konpromisoa hartu du, eta ikus-entzunezko kontsumoa sustatzeko hainbat ekintza jarriko ditu martxan
Euskal eta europar zinemaren kontsumoak gorakada izan du. Horrela adierazi du Joxean Muñozek, Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak, Zineuskadik eta EZAEk sinatu duten hitzarmen ekitaldian. Aretoetara joan den ikusle kopuruen datuek egiaztatzen dituzte Joxean Muñozen hitzak. Sailburuordeak emandako zenbakien arabera, 2015. urtean euskal ekoizpeneko 12 filma estreinatu ziren, eta 100.000 ikus-entzule baino gehiagoko kuota gainditu zen. Era berean, europar zinemaren pantaila-kuota igo egin da; 2013an % 27koa baldin bazen, 2015ean % 40ra heldu da.
Gorako tendentzia hori mantendu nahian, Zineuskadik, Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen Ikus-entzunezkoen Plataforma Publikoak, eta EZAEk, Euskadiko Zine Aretoen Elkarteak, elkarlanerako hitzarmena sinatu dute, Euskadiko ikus-entzunezko kontsumoa sustatzeko asmoz.
EZAEk hartu dituan konpromisoen artean, Zinema Euskaraz programak bikoiztutako haurrentzako filmak sustatzea dago, baita europar ekoizpenei babesa ematea ere. Bestalde, Espainiako banatzaileen eta Zineuskadiren arteko harremanak indartzeko lan egingo du, modu horretan Zinema Euskaraz programak eskaintza erakargarria eta zabala izan dezan. Gainera, EZAEren aretoetan euskal ekoizpeneko filmak estreinatuko dira, beti ere banatzaile propioa badute; eta Euskadiko zinema-aretoetara ikus-entzuleak bertaratzeko jarduerak antolatuko ditu EZAEk, batik bat publiko gazteari zuzenduz.
EZAEko idazkari Coro Odriozolak adierazi du akordioa EZAE “kultura zinematografikoaren hedapen eta sustapenean” egiten ari den lanaren aitorpena dela. Bide horretan, “Eusko Jaurlaritzaren babesa” eskertzekoa dela adierazi du. “Gure iritziz, zinema areto pribatuen biziraupena behar beharrezkoa da euskal kulturaren sarea mantendu nahi bada”.
Zentzu horretan, 2015eko urria eta 2016ko otsaila bitartean egindako Bidaiariak zinera kanpaina ekarri du gogora Odriozolak. Ekimen horren bidez, euskal eta europar zinema sustatu nahi izan da, ikus-entzuleei bi euroko deskontuak eskainita. Kanpainak Eusko Jaurlaritzaren 50.000 euroko diru-laguntza jaso zuen Zineuskadiren bidez. Egitasmoaren balorazioa baikorra egin du Odriozolak, eta zenbait datu jarri ditu mahai gainean: 21 film bultzatu ziren, horietako zazpi euskaraz eta beste lau euskal ekoizpenekoak; 11 zinema aretotan egin zen kanpaina (Donostia, Bilbo, Durango, Amorebieta-Etxano, Eibar, Getxo, Errenteria eta Beasain), eta guztira, 27.325 sarrera saldu ziren, uste baino gehiago. Aurrekari horiek kontuan izanik, bigarren fase bat izango du kanpainak eta, nobedade gisa, sarrerak 4 euroan salduko dira. Sustapen kanpaina berria bideratzeko, Eusko Jarlaritzak, Zineuskadiren bidez, beste 50.000 euroko inbertsioa bideratuko du.