‘Cantábrico’ dokumentalaren aurkezpena eta nazioarteko estreinaldia Donostiako Príncipe zineman
7 Mar 2017
'Cantábrico' dokumentalak "gaurdaino egin den Kantauriar mendikatearen basabizitzari buruzko produkziorik hoberena" bezala aurkezten du bere burua eta, gaur goizean Príncipe zineman ikusitakoaren arabera, ez dirudi filmaren lantaldea gezurretan dabilenik. Joaquín Gutiérrez Acha naturalista eta dokumental zuzendaria Wanda Films ekoiztetxeko José María Moralesekin elkartu da Kantauriko mendikateen basabizitza aberatsaren inguruko dokumental hau filmatzeko. Zuzendariaz eta ekoizleaz gain, pelikularen lantalde teknikoa ere aurkezpenean egon da, baita Aldundiko Ingurumen zuzendari Félix Asensio eta Ingurumen diputatu José Ignacio Asensio ere, Wanda Films ekoiztetxearekin batera filmaren produkzioan parte hartu duen Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkari moduan.
José Ignacio Asensiok dokumentalaren emaitzaz eta kalitateaz harro dagoela adierazi du, eta pelikulak nazioartean arrakasta izatea espero duela onartu du. Bestalde, 'Cantábrico' filmaren zuzendariak ekoizleen eta SADE-ren laguntza eskertu du eta filmaketa gogorrari buruzko xehetasunak eman ditu, jasandako tenperatura baxuak edo plangintza eta gidoiak eragindako itxaronaldi luzeak kasu. Gutiérrez Achak antzeko film bat berriro zuzentzea oso zaila izango litzatekeela onartu du, naturaren zainketa bermatzeko beharrezkoak diren administrazio-tramite konplexuengatik nahiz animalia kopuru gero eta urriagoarengatik. 26 hilabeteko filmaketa eta 4 hilabeteko muntaia prozesuaren konplexutasunaren eta tamanainaren adibide dira. Hala ere, zuzendariak argi utzi du teknologia baliabideak ezin hobeak izan direla. Izan ere, ekoizpenaren filmaketan helikopteroak, droneak eta 1.500 fotograma segundoko grabatzea ahalbidetzen duten kamara ultra-azkarrak erabili dira. Azkenik, José María Morales ekoizleak dokumentalaren balio naturalista handia goraipatu du eta natura munduan dagoen ondasun publiko baliotsuena dela defendatu du.
Jadanik sarrera guztiak agortu dituen eta arratsaldeko 19:00etan Príncipe aretoan buruko den nazioarteko estreinaldiaren ostean, dokumentala zinema areto komertzialetan estreinatuko da martxoa bukaeran. Horrez gain, filma eskoletarako material didaktiko gisa erabiltzea aurreikusten da etorkizunean.