Euskadiko zinema-aretoetako ikusle kopuruak behera egin du apur bat 2025ean, eta eten egin da pandemiaren osteko susperraldia

Euskadiko aretoek % 3 murriztu dute diru-bilketa 2024arekin alderatuz, 23.366.000 eurotik 22.694.000 eurora pasatuz. Gainera, ikusle kopurua % 6 jaitsi da, 3.421.000tik 3.231.000ra.

9 Urt 2026

EZAE BALANCE 2025

2025ean, EZAEko zinema-aretoek beherakada txiki bat izan dute sarreren salmentan eta ikusle kopuruan, eta datuek agerian utzi dute pandemiaren ondoren hasitako susperraldi prozesua etenda dagoela. Hala eta guztiz ere, zine-aretoek kultura- eta topaketa-gune gisa duten zereginari eusten jarraitzen diote, eskaintza anitzarekin eta Euskadiko eta Europako ekoizpenei babesa emanez. 2025eko datu nabarmen gisa, euskal ekoizpena duten bi film urteko 10 ikusienen artean kokatu dira, nazioarteko superprodukzioekin lehian, eta ‘Los domingos’ urteko bigarren film ikusiena bihurtu da Euskadin.

Zehazki, Euskadiko aretoek % 3 baino ez dute murriztu diru-bilketa 2024 urtearekin alderatuta, 23.366.000 eurotik 22.694.000 eurora igaro baitira. Hala ere, ikusle kopurua % 6 jaitsi da, 3.421.000tik 3.231.000ra. Hau da, 2025eko balantzea 2024koaren oso antzekoa da: ikusleen murrizketa txikia izan da, eta diru-bilketa nahiko egonkor mantendu da. Bilakaera horrek erakusten duenez, pandemiaren ondorengo bi urteetan bizitako bultzada handiaren ondoren, sektorea egonkortze-fasean dago, baina 2019ko zifretatik urrun oraindik. Euskadiko datuak Estatuko batez bestekoaren antzekoak dira, eta horrek erakusten du zine-aretoen joera orokortuta dagoela.

2025eko balantzea 2024koaren oso antzekoa da: ikusleen murrizketa txikia izan da, eta diru-bilketa nahiko egonkor mantendu da. Bilakaera horrek erakusten duenez, pandemiaren ondorengo bi urteetan bizitako bultzada handiaren ondoren, sektorea egonkortze-fasean dago, baina 2019ko zifretatik urrun oraindik.

Lurraldeka, Arabak 2025ean 3.443.000€ bildu ditu, Gipuzkoak 7.514.000€ eta Bizkaiak 11.737.000€.

Euskal zinema eta publikoaren erantzuna

Azken urteko datu garrantzitsuenetako bat da Euskadin gehien ikusi diren hamar filmen artean euskal ekoizpena duten bi daudela, eta horrek agerian uzten du lotura estua dagoela euskal ikusleen eta bertan egindako zinemaren artean. Datu gisa, 370.000 ikusle baino gehiago hurbildu dira Euskadiko aretoetara euskal ekoizpenak ikustera, hau da, ikuslego osoaren % 11.

‘Los domingos’ pelikulak bigarren film ikusienaren lekua hartu du, eta ondoren kokatu da ‘Maspalomas’, 10. postuan (Gipuzkoan, bigarren). Moriartiren azken ekoizpenak poz handia ekarri die euskal aretoei urteko azken sasoian.

Hain zuzen ere, Euskadiko, Europako eta euskarazko zinema bertako publikoari hurbiltzeko asmoz, EZAEk “Aretoetan, zinema beti handi” kanpaina jarri zuen abian 2025. urtearen amaieran. Besteak beste, lehen Zinemaren Euskal Festa ospatu zen prezio sinbolikoan eskainitako sarrerekin. Gainera, bi proiekzio ziklo ere egin ziren, sarreren prezioan beherapenarekin, pantaila handian kultur aniztasuna indartzeko xedez. Kanpaina 25 zinema eta 87 pantailatan garatu da, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza izan du. Egitasmoaren bitartez, EZAEk zinema-sorkuntzarekin eta ikusleen eta aretoen arteko loturarekin duen konpromisoa indartu du.

Euskadiko film ikusienak pantaila handian

Euskadin, 2025ean arrakasta gehien izan duten 10 filmak honakoak dira, hurrenkera honetan:

  1. Lilo y Stitch
  2. Los domingos
  3. Avatar: Fuego y ceniza
  4. Jurassic World: El Renacer
  5. Minecraft film bat
  6. Zootropolis 2
  7.  Como entrenar a tu dragón
  8. Padre no hay más que uno 5
  9. Mufasa: El rey león
  10. Maspalomas

2025eko beste euskal ekoizpen aipagarri batzuek ere ikusle ugari erakarri dituzte, hala nola ‘Un funeral de locos’ (Euskadiko 25. postuan), ‘El casoplón’ (26. postuan) ‘Gaua’ (33. postuan), ‘Karmele’ (37. postuan) edo ‘Los aitas’ (41. postuan). Euskal ekoizpen horiek eta beste askok Euskadiko publikoarekin lotura berezia dutela erakutsi dute, aretoetako estreinaldiak babestera bertaratu baitira.