EZAE elkarteak Zinegabonak ekimenarekin bat egingo du zinema eta tailerrak euro batean eskainiz
20 Abe 2017
Zineuskadi elkartearekin eta EITBrekin elkarlanean, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako EZAE elkarteko hiru areto Zinegabonak egitasmora batu dira. Donostiako Principe aretoak, Bilboko Golem Alhondigak eta Laudio Top Zinemak zinemaz gozatzeko zein zinema praktikara eramateko aukera ematen duen programan hartuko dute parte honela. Alde batetik, aretoek Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleekin zein Binahi agentziarekin antolatutako tailerren bitartez, animazioaren eta bikoizketaren mundura modu praktikoan gerturatuko dira haurrak. Bestalde, Zinema Euskaraz programako pelikulak ikusi ahal izango dituzte prezio murriztuan. EZAE elkarteko zinema aretoez gain, Eitbko Multiboxen, Iruñako Golem Baionan eta Urruñako Itsas-Mendi zinemetan ere ospatuko da Zinegabonak jaia. Tailer eta proiekzio guztiak goizeko 11:30etan izango dira eta euro bateko prezioa izango dute.
Abenduaren 27, 28 eta 29an gure aretoetan burutuko den animazio tailerrak stop-motion teknikaren aukerak aztertuko ditu linternekin egindako marrazkien bitartez. Era berean, egun berdinetan bikoizketa tailerra ere antolatu da. Bertaratzen diren gazteek animazio film baten bikoizketa nola egiten den ikusiko dute, baita ezagutza horiek praktikara eraman ere. Bi tailer horietan, parte-hartzaileek ikus-entzunezkoen sektorean erabiltzen diren teknika eta trikimailuak ikasteko aukera izango dute. Jardunaldi horiek arrakasta handia izan dute Durangoko Azokako azken edizioan.
Hona hemen EZAE elkarteko aretoetan burutuko diren tailerren eta proiekzioen egutegia:
GOLEM ALHÓNDIGA – BILBO
Astezkena, abenduak 27, 11:30 – Animazio tailerra
Osteguna, abenduak 28, 11:30 – Bikoizketa tailerra
Larunbata, abenduak 30, 11:30 – Ozzy
Igandea, abenduak 31, 11:30 – Orm Elurretako Erresuman
PRÍNCIPE ZINEMA- DONOSTIA
Osteguna, abenduak 28, 11:30 – Animazio tailerra
Ostirala, abenduak 29, 11:30 – Bikoizketa tailerra
Larunbata, abenduak 30, 11:30 – Zikoinak
Igandea, abenduak 31, 11:30 – Albert
LAUDIO TOP ZINEMA
Astezkena, abenduak 27, 11:30 – Taller de doblaje
Ostirala, abenduak 29, 11:30 – Animazio tailerra
Larunbata, abenduak 30, 11:30 – Pan
Igandea, abenduak 31, 11:30 – Zazpigarren ipotxa