EZAE elkarteko aretoak ‘Fair Saturday’ ekimen solidarioan parte hartuko dute astean zehar
21 Aza 2016
EZAEko hiru zinema areto Fair Saturday ekimen solidariora batu dira aurten. Fair Satuday nazioartean egiten den eta izaera soziala eta kulturala duen mugimendua da. Artistek eta elkarte kulturalek parte hartzen dute bertan, euren ekitaldiekin edo obrekin lortutako etekinak aukeratutako gobernuz kanpoko erakundeari edo gizarte proiektuari bideratuz.
Euskadiko aretoak Médicos del Mundo Euskadi GKEarekin kolaboratu nahi izan dute aurtengoan, eta horretarako, astean zehar Donostiako Zinemaldian Zuzendari Onenaren Saria eskuratu zuen 'Los caballeros blancos' pelikula bikaina proiektatuko dute. Filma gatazka egoeran dagoen herrialde batera bidaiatzen duten gobernuz kanpoko erakunde bateko langile talde baten inguruan garatzen da eta aparteko aukera eskaintzen dio ikusleari laguntza humanitarioaren inguruan hausnartzeko.
Bilboko Golem Alhóndiga aretoak eta Errenteriako Niessen zinemak azaroaren 24ean, osteguna, 20:00etan proiektatuko dute filma. Gasteizko Florida zinemak bestalde, azaroaren 26an, larunbata, goizeko 12:00etan. Sarrerak 5 euroko prezioa izango du eta etekinen portzentai bat Médicos del Mundok jasoko du.
Aukera paregabea ekimen polit batean parte hartu eta kalitatezko zinemaz gozatzeko!