VIII. EZAE Saria: Maixabel

EZAEko presidente Alfonso Benegasen esanetan, filma “oso gurea da, beharrezkoa, publikoarengatik eta publikoarentzat egina. Istorioa hunkigarria da; ikuslea entretenitzetik haratago doa, kontzientzia sortzen du”.

21 Ira 2022

Maixabel Lasak eta Koldo Zuazuak VIII. EZAE Saria jaso dute ‘Maixabel’ filmarengatik, euskal zinemari ekarpen handia egin baitio eta 2021ean Euskadiko zine-aretoetara ikusle gehien erakarri dituen euskal pelikula bilakatu delako. Donostia Zinemaldiaren baitan egindako ekitaldi batean, Joxean Fernández Zinemaldiko Zuzendaritza Batzordeko kideak eta Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak filmaren balio zinematografikoa azpimarratu dute, baita ikusleen harrera bikaina eta euskal gizartean izan duen eragina ere.

EZAEko presidente Alfonso Benegasek ‘Maixabel’ pelikularen bertute ugariak aipatu ditu. “Oso gurea da, beharrezkoa, publikoarengatik eta publikoarentzat egina”. Istorioa hunkigarria da; ikuslea entretenitzetik haratago doa, kontzientzia sortzen du. Benegasek 2021ean sarrera gehien saldu zituen euskal filma izan zela nabarmendu du eta jaso dituen sari ugariak aipatu ditu; horien artean, hiru Goya.

Era berean, EZAEko arduradun nagusia sortzaile, teknikari eta aktore guztiei zuzendutako mezua helarazi du, ezinbestekoak direla jakinarazteko; eta lanean jarraitzera animatu ditu, euren proiektuak euskal zine-aretoetan laster ikusi ahal izateko. “Sektorea bultzatu behar dugu guztion artean, eta, hortaz, zuen ondoan izango gaituzue”. Azkenik, eskerrak eman dizkie zinema-aretoekin konprometitutako eragile guztiei, “ez baitago leku hoberik film batez gozatzeko”.

Koldo Zuazua hunkituta igo da saria jasotzera. Kontatu du Maixabel 2002an ezagutu zuela ‘La pelota vasca’ filmaren grabazioan, eta “negar pila bat egin” zutela aitortu du. Pelikula hau gauzatzeko “ezinbestekoak izan diren pertsona guztiei” eskerrak eman dizkie. “Film honek aldarazi egin gaitu”, ziurtatu du.