IX. EZAE Saria: ‘La vida padre’

EZAE eta Gure Zinema Sarien banaketa-ekitaldian euskal zinemagintzak bizi duen une bikaina aldarrikatu zuten parte-hartzaileek.

2023-09-21

EZAE Saria ‘La vida padre’ filmari egokitu zitzaion eta Gure Zinema Saria ‘Cinco lobitos’ lanari. Sari-banaketa ekitaldian euskal zinemaren indarra eta kalitatea aldarrikatu zituzten parte-hartzaileek; izan ere, euskal filmen arrakasta funtsezko faktorea izan da Euskadiko zinema-aretoen susperraldirako.

‘La vida padre’ filmeko lantaldearen izenean, Koldo Zuazuak, Kowalski Films ekoiztetxeko arduradunak, eta Joaquín Monzonek, filmaren zuzendariak, jaso zuten EZAEren IX. Saria. Izan ere, 2022an Euskadiko aretoetara ikusle gehien ekarri zituen euskal partaidetzadun ekoizpena izan zen. Zuazuak hirugarren aldiz jarraian jaso du sari hau ekoizle gisa, eta txantxetan aritzeko aukera eman zion: “Proiektuetarako begi ona dugula dirudi”.