V. EZAE Saria: Dantza
EZAEk Telmo Esnalek zuzendutako eta Txintxua Films produkzio-etxeak ekoiztutako filmaren kalitate handia eta originaltasuna aintzat hartu ditu
21 Ira 2019
V. EZAE Sariak ‘Dantza’ pelikularen arrakasta, kalitate handia eta originaltasuna aintzat hartu ditu, baita euskal folklorea eta zinea mundu osoan aurkeztu izana ere. Euskadiko zine-aretoen elkarteak bosgarren urtez emandako golardoak euskal zinema-industriari egindako ekarpena saritzen du. Aurreko urteetan, ‘Loreak’, ‘Amama’ eta ‘Handia’ filmei eta Juanba Berasategi zinemagileari egokitu zitzaien saria. Donostiako Zinemaldiaren barne burututako ekitaldian, Telmo Esnal zuzendariak, Marian Fernandez ekoizleak eta Juan Antonio Urbeltz koreografoak jaso dute saria EZAEko presidente Alfonso Benegasen eskutik.
Sari-banaketa ekitaldian, Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinos harro agertu da pelikularen ibilbidea 2017ko jaialdian hasi zelako, Glocal in Progress Industriaren Sariarekin. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Joxean Muñozek EZAE elkartearen garrantzia gailendu du industriaren azken katebegi gisa, eta euskal zinemarekin duen konpromisoa eskertu du, bertako ekoizpenek leku garrantzitsua baitute elkarteko zinemetan. Muñozek Euskadiko ikus-entzunezko sektorearen batasuna goraipatu du, gainera, “gero eta ikusle gehiagorengana iritsiko den euskal zinema indartsu eta bikaina gauzatzeko helburuarekin” elkartu baitira sektoreko eragileak; eta gaurkoa bezalako hitzorduan agerian dagoen elkarlana aldarrikatu du. Azkenik, euskal publikoa txalotu du “film ausart” hau baloratzeagatik; izan ere, maila handiko ekoizpena izan arren, gutxiengo batentzat izatea espero zitekeen, baina jende askok gozatu du.
Bestalde, EZAEko idazkari Coro Odriozolak “pelikula magiko, ausart eta izugarri originala” dela adierazi du. ‘Dantza’ filmaren arrakasta nabarmendu du: 42.000 pertsonek ikusi dute eta 11 aste jarraian egon da karteldegian.
Halaber, Odriozolak zine-aretoen elkarteak, Eusko Jaurlaritzaren eta Zineuskadiren elkarlanari esker, urtean zehar burutzen dituen zenbait egitasmo aurkeztu ditu: haurrei eta gazteei zuzendutako pelikulak euskaraz eta pantaila handian estreinatzea bultzatzen duen Zinema Euskaraz programa, Zinegabonak ekimena eta ‘Bidaiariak zinera!’ kanpaina. Azkenik, elkarteak esku artean proiektu berriak dituela gaineratu du. Eragile publikoekin eta pribatuekin elkarlanean, Euskadiko zinemaren industria bultzatzeko xedez landutako ekimena hilabete batzuren buruan aurkeztuko dutela aurreratu du.
EZAEko presidente Alfonso Benegasen eskutik jaso dute saria ‘Dantza’ filmeko kideek. Marian Fernández ekoizleak ‘Dantza’ bezalako ekoizpen bat gauzatzeko beharrezkoa den lan kolektiboa azpimarratu du. Guztira, 250 dantzarik eta 60 teknikok hartu dute parte. Telmo Esnal zuzendariak aitortu duenez, “filma gauzatzea eta nire lagun dantzariekin elkartzea izan da sari handiena”, eta erantsi du orain pelikula ez dela ez berea ez ekoiztetxearena, publikoarena baizik. Azkenik, filmeko koreografiak landu dituen Juan Antonio Urbeltz antropologo eta folkloristaren hitzetan, “mundu tradizionala X izpiekin filmatua” egongo balitz bezala deskribatzen du ‘Dantza’; kolore tonu posible guztiekin, eta dantzen oinarri sinboliko eta sakonarekin”.