Golem Alhóndiga zinema aretoak Juan Antonio Bardem zuzendariaren zikloa eskainiko du
15 Mar 2017
Juan Antonio Bardem (1922-2002) zinema espainiarraren zuzendari handiaren omenezko atzera begirakoa eskainiko dute Bilboko Golem Alhóndiga aretoan. Francoren erregimenaren aurkako zuzendarien artean kritikoenetarikoa izan zen Bardem eta, ondorioz, zentsurarekin arazoak izan zituen behin baino gehiagotan. 1953an 'Bienvenido Mr. Marshall'' filmaren gidoia idatzi zuen, Cannesko zinemaldian gidoi onenaren eta komedia onenaren saria eskuratu zituen pelikularen gidoia, alegia. Urte berean filmak zuzentzeari ekin zion eta zinemaren historiara pasa diren hainbat obra filmatu zituen: Cannesen nazioarteko kritikaren saria irabazi zuen 'Muerte de un ciclista' (1955) eta Veneziako zinemaldian kritikaren saria lortu zuen 'Calle Mayor' (1956), besteak beste. Azkuna Zentroko Zinematekak antolatutako ziklo honetan, beranduagoko film ezezagunagoak ere ikusi ahal izango dira.
Martxoak15 17:30 / Martxoak 16 19:30 – Cómicos
Ana Ruiz aktore gazteak antzerki-konpainia ibiltari batean lan egiten du. Paper txikiak baizik ez ditu izaten, baina hark gehiago lortu nahi du, arrakasta jartzen du Miguelen amodioa baino lehenago. Konpainiak "El cielo no está lejos" lana estreinatzea erabakitzen duenean, Anak protagonista gaztearen papera eskuratzea espero du. Hala ere, Carmen beteranoari ematen diote papera berriz. Carlos Márquez enpresariak protagonista izatea eskaintzen dio Anari muntaketa berri batean, haren maitale bilakatzen bada.
Martxoak 15 19:30 / Martxoak 16 17:30 – Muerte de un ciclista
Unibertsitateko irakasle batek eta haren maitaleak -goi burgesiako emakume ezkondu batek- ziklista bat harrapatzen dute autoarekin ustekabean. Adulterioa argitara aterako den beldur, ezbehar tragikoa ezkutatzea erabakiko dute.
Martxoak 22 17:30 / Martxoak 23 19:30 – Calle Mayor
Probintziako hiri txiki bateko biztanleak beren tradizio eta ohitura zaharretan harrapatuta bizi dira. Giro itogarri horretan, Isabel izeneko 35 urteko emakume ezkongabeak porrot egin duela sentitzen du, ezkonduta ez dagoelako. Juanek eta bere lagun-taldeak adarjotze astunak asmatzen dituzte asperdurari aurre egiteko. Hala, Isabeli sinetsaraziko diote Juan harekin maiteminduta dagoela eta ezkontzeko eskatuko diola.
Martxoak 22 19:30 / Martxoak 23 17:30 – Nunca pasa nada
Bidaia batean, errebista-konpainia bateko vedette batek apendizitis-krisia du bat-batean, eta Espainiako herri batean gelditu behar du ebakuntza egin diezaioten. Alabaina, ebakuntza kirurgikoa egin behar dion doktoreak harekin maiteminduko da, eta ahaleginak egingo ditu haren susperraldia luzatzeko.
Martxoak 29 17:00 / Martxoak 30 19:30 – Los pianos mecánicos
Parisko Vicent gaztea Espainiako Caldeya herrira iritsi da, Reginald lagun onak gonbidatuta. Han, Pascal Regnier aurkituko du, krisialdian dagoen nobelagilea, semearekin oporrak igarotzen. Regnier-ek Jenny aurkeztuko dio, gaueko klub baten jabea.
Martxoak 29 19:00 / Martxoak 30 17:00 – Les 7 jours de Janvier
1977ko urtarrilean Espainian izandako gertaera tragikoen berreraikuntza: ultraeskuineko talde batek atentatua egin zuen Alderdi Komunistari lotutako abokatu laboralisten bulego baten kontra, Atocha kalean.
Apirilak 5 17:00 / Apririlak 6 19:00 – El jarabo
Jarabo bizizale bat zen. Ezkondutako emakume ingeles batekin izan zuen amodio-harremanak arazoak baizik ez zizkien ekarri biei: emakumearen ezkontza arriskuan jarri zuen, eta gizona lur jota utzi zuen, hoteletan, afarietan eta oparietan dirutza xahutu ondoren. Diru gabeziak itota, Jarabok brillantezko eraztun bat eskatu zion emakumeari, eta bahian eman zuen berehala.