GOLEM Distribución enpresak jaso du III. SADE Saria autore-zinemaren alde egindako ekarpenagatik
7 Ira 2016
Donostiako SADE enpresak zinemaren alde egindako lana aintzat hartzeko ematen duen III. SADE Saria GOLEM Taldeari egokitu zaio aurten. Euskal kultura eta zinemagintzako dozenaka gonbidatu eta instituzioetako hainbat ordezkari bildu dira gaur goizean Astoria 7 hotelean egindako ekitaldian. SADEko gerente Coro Odriozolak zinema banatzaile, erakusle eta ekoizle den GOLEM Taldearen lana nabarmendu du, eta lehen gutxi batzuentzat zen zinemak orain zinema aretoak betetzea eskertu du, baita zinema mota horren alderdi pedagogiko eta kulturala azpimarratu ere.
Duela gutxi hil den Josetxo Morenoren oroitzapena oso bizirik egon da gaurko ekitaldian. Otilio Garcíarekin batera GOLEM Taldeko zuzendarikide eta fundatzailea zen Josetxo. Otilio Garcíak eta omenduaren alargun Elena San Juliánek jaso eta eskertu dute saria, eta Josetxok Donostiarekin eta Zinemaldiarekin zuen harreman estua gogoratu dute.
Iruñean duela 30 urte bi gazte zinemazalek sortutako enpresaren ibilbidea gogoratu duen bideoarekin hasi da ekitaldia; gaur egun autore-zinemaren banaketan Europa mailan erreferentziazkoa den taldearen oroitzapenak partekatu dituzte, hain zuzen. Alicia Gómez Montano kazetariak azpimarratu du proiektuari “lan askorekin, ilusioarekin eta arduragabetasun pixka batekin ere” ekin ziotela sortzaileek. Enpresa pixkanaka hazi zen eta pelikula-katalogo handia osatu zuen. Film-sorta horrek Espainian sartu zituen zinemagintzan oso garrantzitsuak diren izenak, hala nola Michael Haneke, Hirokazu Koreeda edo Zhang Yimou. Ingelesa ez den hizkuntza batean egindako film onenaren Oscar saria lortu duten zazpi lan Espainiako zine-aretoetara eraman zituen, baita beste sari ospetsuak eskuratu zituzten pelikulak ere: Canneseko sei Urrezko Palmorri, Veneziako zazpi Urrezko Lehoi, Berlineko bederatzi Urrezko Hartz eta Donostiako Zinemaldiko sei Urrezko Maskor. Hauek guztiak gaur goizean ospatutako aurkezpenean gogoratu dira.
Otilio Garciak azpimarratu duenez, Donostiako Zinemaldiarekin harremana bereziki estua izan da. Gipuzkoako hiriburura Zinemaldian ikusle gisa parte hartzeko egindako bisitak gogora ekarri ditu Garcíak; GOLEM sortu baino lehen egindakoak, hain justu. Aldi berean, Jose Luis Rebordinos oso hunkitua azaldu da Josetxorekin eta Otiliorekin izan duen laguntasun harremanari buruz hitz egiterakoan. Zinemaldiko arduradunak adierazi duenez, "seguruenik, GOLEMek eskainitako filmei esker" lortu du Donostia Zinemaldiaren zuzendari bilakatzea. Astebete barru hasiko den Zinemaldia Josetxo Morenoren omenez antolatu dute, eta Iruñeko banaketa-enpresak eskainitako zazpi film hartuko ditu barne programak.
Erakusketaren inaugurazioa
Saria banatu ondoren, Astoria 7 hotelak zazpigarren artearen inguruko erakusketa inauguratu du, urtero Zinemaldiaren harira egiten duen bezala. Aurten, hotelean Gabriel Morenoren lanak egongo dira ikusgai. Moreno nazioartean irudigile ezagunenetarikoa da eta zinema kartel ugari sortu ditu, haien artean Alberto Rodriguez zinemagilearen azken filmarena, ‘El hombre de las mil caras’. Pelikula hori Zinemaldiaren Sail Ofizialean aurkeztuko da.
Kordobako artistaren irudiek marrazki tradizionalarekin batera ikonografia, ehundurak eta kolorea uztartzen dituzte. Egileak Astoria 7 hotelean aurkeztu du bere lana eta ‘El hombre de las mil caras’ filmarentzako landu duen kartel-proposamenaren ausardia azpimarratu du, oso ezohikoa delako zineman marrazki teknikekin egindako kartela osatzea.
Ekitaldia Patxi Troitiño tabernari famatuak sortutako koktelaren prestaketarekin bukatu da. Edariak Japonian du inspirazioa, GOLEMek Asiako zinemarekin duen konpromisoan oinarrituta, eta Nafarroako enpresaren izena darama. Gaurtik aurrera, Astoria 7 hotelaren kartara gehituko dute koktelaren jengibre eta ezti nahasketa zaporetsua, luzaroan mantenduko den omenaldi gisa.