III. EZAE Sariak Juanba Berasategi omendu du euskarazko animazioa pantaila handira eramateagatik
26 Ira 2017
III. EZAE Sariak aintzat hartu du pasa den apirilean hil zen Juanba Berasategi pasaiatar zinemagilearen lana, euskarazko animazioaren aitzindari gisa euskal zinemagintzari egindako ekarpenagatik. Euskadiko zine-aretoen elkarteak hirugarren urtez banatutako golardoak euskal zinema-industriari egindako ekarpena saritzen du, eta aurreko urteetan Loreak eta Amama filmei egokitu zitzaien. Donostiako Zinemaldiaren barne burututako ekitaldian, Miren Berasategik, sarituaren alabak, hunkituta jaso du saria EZAEko presidente Alfonso Benegasen eskutik. Lotura Films produkzio-etxean ekoizle den Berasategik saria bi zatitan banatu du: “zati potolo bat aitarekin lan egin duten ero guztientzat eta bestea zuretzat, aita”, adierazi du.
Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek aurtengo saria “merezitakoa eta oso hunkigarria eta polita” dela aitortu du, “Juanbaren oroitzapena eta figura betirako geratuko baita euskal zinean” eta haur generazio ezberdinek ikusiko baitute bere zinema.
Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Joxean Muñozek zinema-aretoek Berasategi saritzearen garrantzia nabarmendu du. Izan ere, euskarazko animazioa pantaila handian normaltasun osoz ikustea izan da bere ekarpen handienetakoa. “Sari honek ziklo bat ixten du, Juanbaren helburua baitzen euskarazko animaziozko zinema dagokion tokian kokatzea: pantaila handian, gainontzeko filmekin batera”. Horrez gain, sailburuordeak EZAEren garrantzia defendatu du, euskal zinemarekin duen konpromisoarengatik eta bertako ekoizpenak elkarteko zinema-aretoetan gainontzeko filmekin parekatuta proiektatzeagatik. Gainera, elkartea euskal zinema-industrian “katebegi garrantzitsua” eta zinemagintza-politiketan kontuan hartzekoa dela azpimarratu du.
Bestalde, EZAEko idazkari Coro Odriozolak azpimarratu du elkartea harro dagoela euskal animazioaren aitzindari baten lana saritzeaz. “Gure seme-alaba eta ilobei geratuko zaie Juanbaren zinema, eta gure bihotzak eta aretoak bere senideei eskaintzen dizkiegu”, gaineratu du Odriozolak. Azkenik, elkarteak euskarazko zinema bultzatzeko eta proiektatzeko duen konpromisoa berretsi du idazkariak, eta EZAEk ikus-entzunezko sektorearen plataforma publikoa den Zineuskadirekin dituen ekimen eta kanpainen berri eman du, ikus-entzunezkoen kontsumoa areagotzeko zein publikoa aretoetara erakartzeko helburuarekin sortutakoak.
Berasategiren ibilbide profesional oparoan nabarmentzekoa da Kalabaza tripontzi pelikularen estreinaldia, marrazki bizidunetan eta euskaraz egindako lehen euskal film luzea, 1985eko Zinemaldian ohorezko aipamena jaso zuena. 1992an, berriz, Lotura Films sortu zuen, duela hilabete gutxi batzuk filmatutako eta aurtengo Zinemaldian Belodromoan ikusiko den Nur eta herensugearen tenplua pelikularen ekoizpen-etxea, hain zuzen. Gainera, Euskal Ekoizle Independenteen Elkartearen lehendakari izan zen 1991tik 1997ra. Bere proiektuen artean daude animaziozko zinemaren ekoizpen garrantzitsu ugari: Balearenak, Ahmed, Alhambrako Printzea, El embrujo del sur edo Barriola, San Adriango azeria, besteak beste. 2013an donostiar zinema jaialdiak emandako Zinemira saria jaso zuen.
Argazkian, Itziar Mora, Juanba Berasategiren alarguna, eta Miren Berasategi, Juanba Berasategiren alaba eta Lotura Films produkzio-etxeko ekoizlea.