Juanba Berasategi euskal animazioaren aitzindariari egokitu zaio III. EZAE Saria
20 Ira 2017
Euskadiko Zine Aretoen Elkarteak emandako III. EZAE Saria Juan Bautista Berasategi zinemagile pasaitarrari egokitu zaio euskal zinema-indusdriari egin dion ekarpenagatik. Animaziozko euskal zinemaren aitzindaria izan zen Berasategi: hainbat film luze zuzendu zituen, baita animaziozko telesailak eta film laburrak ere. Horrez gain, ekoizle gisa hainbat euskal produkziotan hartu zuen parte eta Euskal Ekoizle Independenteen Elkartearen lehendakari izan zen 1991tik 1997ra. Berasategiren senideek Donostiako Zinemaldiaren barne burutuko den ekitaldian jasoko dute saria datorren asteartean, irailak 26.
Bere ibilbide profesional oparoan, Kalabaza tripontzi pelikularen estreinaldia 1985ean mugarria izan zen, marrazki bizidunetan egindako lehen euskal film luzea izan baitzen, euskaraz filmatua eta Zinemaldiaren Ohorezko Aipamena jaso zuena. Zinemaldian aurkeztu zuen bere lehen ekoizpena, Ekialdeko izarra (1977) animaziozko film laburra, eta bi proiektu horien ondoren zinema zein telebistarako hainbat lan burutu zituen: Balearenak, Ahmed, Alhambrako Printzea, El embrujo del sur edo duela gutxi estreinatutako eta Toti Martínez de Lezea idazlearen ipuinetan oinarritutako Nur eta herensugearen tenplua, besteak beste. 2013an Berasategik donostiar Zinemaldiko Zinemira Saria jaso zuen.