Laudio Top Zinemak Bidaiariak zinera! kanpainarekin eta Zinema Euskaraz programarekin bat egin du
6 Aza 2017
Abendutik aurrera, arabar zinema aretoak Eusko Jaurlaritzak, Zineuskadi elkartearen bitartez, sustatutako Zinema Euskaraz programaren euskarazko animaziozko filmak eskainiko ditu. Aldi berean, zinemak bere programazioa zabalduko du EZAE elkarteak bultzatutako Bidaiariak zinera! kanpainaren euskal eta europar pelikulak proiektatuz.
Laudio Top Zinemaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadiko zine aretoen elkartearen arteko akordioa pasa den azaroaren 2an aurkeztu zen zinema aretoan bertan. Aitziber Atorrasagastik, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak, Zineuskadiren eta EZAE elkartearen arteko hitzarmenaren garrantzia nabarmendu zuen euskarazko zinema pantaila handian estreinatzeko helburuarekin. Aldi berean, Laudio Top Zinemarekin sinatutako hitzarmenari esker Zinema Euskaraz programak Araban duen presentzia areagotuko duela azpimarratu zuen Atorrasagastik.
Bestalde Laudioalde Lanbide Eskolan dagoen zinema aretoa kudeatzen duen DECU Audiovisuales y Cultura enpresaren arduradun José Duartek aretoaren ikusleek hitzarmen honi esker izango dituzten abantailak nabarmendu zituen: Zineuskadiren programaren bitartez haurrentzako zinema euskaraz eta prezio murriztuarekin ikustea, baita bi euroko deskontua duen euskal eta europar zinemaz gozatzea ere 'Bidaiariak zinera!' kanpainari esker.
Azkenik, EZAEko presidente Alfonso Benegasek gogorarazi zuen sarreran bi euroko murrizketa egiten duen euskal eta europar zinema sustatzeko helburuarekin burututako kanpainak iaz 20.000 ikuslerengana iritsi zela bi hilabete eta erdian. Aurtengoan, Handia euskal filma edo Hurrak eta Lapurrak 2 haurrentzako euskarazko pelikula sartu dira kanpainan.
Argazkia, zinea.eus