Moriarti ekoiztetxeak Abadia saria jasoko du

Abadia sariaren epaimahaiak 2016ko saria Moriarti Produkzioak zinema ekoiztetxeari ematea proposatu dio aho batez Gipuzkoako Foru Aldundiari, ikus-entzunezkoen esparruan euskaraz egiten ari den ibilbidea eta, bereziki, euskarazko zinemari nazioartean bide bat ireki izana aitortzeko. Foru erakundeak ontzat eman du epaimahaiaren proposamena, eta, horrenbestez, Moriarti Produkzioak da 2016ko Abadia sariaren irabazlea. Mikel Irizar Gipuzkoako Aldundiaren Hizkuntza Berdintasuneko

16 Aza 2016

Abadia sariaren epaimahaiak 2016ko saria Moriarti Produkzioak zinema ekoiztetxeari ematea proposatu dio aho batez Gipuzkoako Foru Aldundiari, ikus-entzunezkoen esparruan euskaraz egiten ari den ibilbidea eta, bereziki, euskarazko zinemari nazioartean bide bat ireki izana aitortzeko. Foru erakundeak ontzat eman du epaimahaiaren proposamena, eta, horrenbestez, Moriarti Produkzioak da 2016ko Abadia sariaren irabazlea. Mikel Irizar Gipuzkoako Aldundiaren Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusiak adierazi duenez, "oso pozik" hartu dute proposamena, eta bere horretan eman dute ontzat: "Moriarti etxeko taldea behin eta berriro ari da erakusten euskaraz eta baliabide mugatuekin ikus-entzunezko produktu duinak eta lehiakorrak egin daitezkeela. Adibide bikaina da".

Jon Garañok, Xabier Berzosak, Aitor Arregik, Jose Mari Goenagak, Asier Achak eta Jorge Gil Munarrizek osatzen dute Moriarti Produkzioak ekoiztetxearen lantaldea, eta beraiek ekoitzitakoak dira "80 egunean", "Loreak" edota bidean den "Aundiya". Moriartik dozenaka sari eskuratu ditu azken urteotan. Horien artean, 'Loreak' filmak I. EZAE saria lortu zuen 2015ean bere nazioarteko ibilbide bikainarengatik eta euskal zinemagintzari egindako ekarpenagatik.

Saria emateko ekitaldia abenduaren 1ean egingo dute, 19:00etan, Foru Aldundiaren jauregian. Urtero bezala, artista gazte bat izango da sariaren egilea; oraingoan, Izaskun Alvarez artista oiartzuarra aukeratu dute.

Iturria: eitb.eus