EZAEk berriro jarriko du martxan ‘Bidaiariak zinera!’ kanpaina euskal eta europar zinema sustatzeko helburuarekin

EZAEren eta ZINEUSKADIren elkarlanari esker, ikusleek bi euroko beherapena izango dute promozioaren barne dauden film guztietan. Euskal elkartearen 59 zinema-areto batu dira kanpaina honetara

EZAEk, Euskadiko Zine Aretoen Elkarteak, Bidaiariak zinera! kanpaina jarriko du martxan, bigarren urtez, euskal eta europar zinearen kontsumoa sustatzeko eta ikusleak zinema-aretoetara erakartzeko helburuarekin. Iazko kanpainak lortutako arrakastaren ondoren eta EZAEren eta Zineuskadiren elkarlanari esker, 59 zine-aretok sarreren prezioa murriztuko dute Euskadiko eta Europako zinema onena prezio ezin hobean ikusi ahal izateko.

Horregatik, ‘Bidaiariak zinera!’ egitasmoak euskarazko filmak, euskal ekoizpenak eta europar pelikulak sustatuko ditu, lehentasun maila horretan. Hortaz, ikusleek bi euroko beherapena lortuko dute promozioaren barne sartzen diren filmen sarreretan eta, aldi berean, bertako nahiz Europako zinema-sektoreari laguntza emango diote. Iaz, kanpainak jarraipen handia izan zuen euskal ikusleen artean: hiru hilabeteko epean, beherapena zuten 21 filmak ikusteko 20.000 sarrera saldu ziren.

Aurtengoa iazkoa bezain arrakastatsua izatea espero da, eta kanpainaren bultzatzaileek etorkizunera begira egitasmoa finkatzea dute helburu. EZAEren eta euskal ikus-entzunezko sektorearen plataforma publikoa den Zineuskadiren arteko elkarlanetik sortutako ekimenak xede du euskal zinemazaleen egutegian finkatzea.

Euskal zein europar zinemagintza bultzatzeaz gain, Eusko Jaurlaritzak Zineuskadiren bitartez babestutako kanpaina honek ikusleak zinema-aretoetara erakartzeko asmoa ere badu, zinemaz gozatzeko espazio egokienak diren aldetik. Izan ere, EZAEren helburu nagusietarikoak dira zinearen kontsumoa zinema-aretoetan bertan bultzatzea eta kultur arloan areto hauek egiten duten lana aintzat hartzea, baita euskal eta europar zinea sustatzea eta zinema-kultura hedatzea ere.

Igelak


Patxo Telleria zuzendari eta Gorka Otxoa protagonista dituen euskaraz filmatutako komedia musikala izango da beherapena lortuko duen lehen filma. Ostiralean, abenduaren 2an, estreinatuko den ‘Igelak’ pelikulari, deskontua izango duten film berriak batuko zaizkio astero. Zinema-areto bakoitzak beherapena duten pelikulen zerrendatik nahi duten filmari ezarriko diote prezio murriztua.

Kanpainaren leloak, ‘Bidaiariak zinera!’, zinemaren eta bidaiatzearen arteko lotura egiten du. Izan ere, zinemak toki, egoera, kultura eta ohitura ezberdinak ezagutzera eramaten ditu ikusleak. Horrela, euskal aretoek bultzatu nahi duten ideia da zinema publikoari beste errealitate batzuk erakusten dizkion bidaia aberasgarria dela. 

Parte hartzen duten zineak


Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 59 zinema-areto batzen dituzten EZAEko 16 bazkide gehitu dira 'Bidaiariak zinera!’ kanpainara. Konkretuki, parte-hartzaileen artean, Donostiako SADE enpresaren hiru aretoak daude: Príncipe, Antiguo Berri eta Trueba. Areto enpresaren zinemek ere parte hartuko dute: Durangoko Gran Cinema Zugaza, Eibarko Coliseo Antzokia, Mungiako Olalde Zinema, Getxo Zinemak, Zornotza Aretoa, Muskizeko Meatzari Zinema, Galdakaoko Torrezabal Zinema eta Zalla Zine Antzokia. Horiez gain, Bilboko Golem Alhóndigak eta Circuito Coliseok, Beasaingo Usurbe Antzokiak, Errenteriako Niessen Zinemak eta Laudioko Top Zinemak ere bat egin dute kanpainarekin.
 

 

Bidaiariak zinera EZAE

2015eko gazteriaren sariaren babesleak gara