‘La vida padre’ filmak IX. EZAE saria jasoko du

Saria irailaren 23an banatuko da, Donostia Zinemaldiaren baitan, eta filmeko lantaldeko kideak joango dira saria jasotzera. Ekitaldi berean, lehen Gure Zinema saria jasoko du ‘Cinco lobitos’ pelikulak. Sari honek aintzat hartzen ditu filmaren kalitatea, ikusleen eta kritikaren aldetik izandako harrera bikaina eta Euskadiko zinema-industriari egindako ekarpena.

‘La vida padre’ filmak IX. EZAE Saria jasoko du, 2022an Euskadiko zine-aretoetara publiko gehien erakarri zuen euskal partaidetzadun ekoizpena izateagatik. Sari-banaketa ekitaldia irailaren 23an izango da, Donostiako Zinemaldian, eta bertan izango dira Zinemaldiko eta EZAEko zuzendaritza-batzordeak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura saileko arduradunak.

Hamabost zinema eta 80 areto biltzen dituen EZAE Euskadiko zinema-aretoen elkarteak aintzatespena emateko erabakia hartu du 2022an zinemetara ikusle gehien eraman zituen euskal partaidetzadun filma (Kowalski Films) izan zela egiaztatu ondoren. Pelikula Joaquín Mazónek zuzendu du eta aktoreen artean hainbat euskal izen nabarmentzen dira: Karra Elejalde, Lander Otaola, Maribel Salas, Gorka Aguinagalde, Karmele Aranburu, Santi Ugalde eta Iker Galartza, besteak beste.

2015eko Zinemaldian emandako lehen EZAE sariak ‘Loreak’ pelikularen ibilbidea aitortu zuen. 2016an ‘Amama’ izan zen sariduna; 2017an Juanba Berasategi zinemagileak hil osteko omenaldia jaso zuen; 2018an, ‘Handia’ filma izan zen irabazlea, 2019an ‘Dantza’, 2020an ‘La Trinchera Infinita’, 2021ean ‘Akelarre’ eta iaz ‘Maixabel’.



Gainera, berrikuntza gisa, aurten, IX. EZAE Saria emateko ekitaldi berean, I. Gure Zinema Saria jasoko du ‘Cinco lobitos’ lanak, euskal zinema-sektoreari egindako ekarpenagatik eta kritikaren zein publikoaren aldetik jasotako harrera bikainagatik. Euskadin egindako zinemaren indarra eta erakargarritasuna erakutsi nahi du errekonozimendu horrek.

Gure Zinema duela urtebete sortu zen, hain zuzen ere, filmen ekoizpena posible egiten duten sektore guztiak batzeko asmoarekin, ideiaren lehen zirriborrotik hasi eta zinemetan proiektatu arte esku hartzen duten katebegi guztiak bateratzeko, hain zuzen ere. Gure Zinema proiektuaren kide dira Euskadiko hiru ekoizle-elkarteak (Apika, EPE-APV eta Ibaia), EZAE, EiTB eta euskal zinemarekin loturiko gainerako eragileak, jaialdiak, kultur erakundeak eta elkarteak barne, hala nola aktoreena eta gidoilariena. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailaren laguntza du ekimenak.

Bidaiariak zinera EZAE

2015eko gazteriaren sariaren babesleak gara