Trueba zinema aretoan Goya sarien gala jarraitu ahal izango da zuzenean, euskal ekoizpenak babesteko festa batekin

Aldundiak eta SADEk "Handia" babestu nahi dute festa honen bidez, Goya sarietarako izendapen gehien jaso dituen filma baita. Bide batez, "Nur eta herensugearen tenplua" filmari ere animoak bidaliko dizkiete bertaratuek, animazio film onenaren sarirako izendatua baitago

Goya sarien galak bere erreplika izango du Donostian, SADEk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Trueba zinema aretoan antolatu duten omenaldiari esker. Horrela, bi entitateek babesa eman nahi diote "Handia" filmari, Goya sarietarako izendapen gehien jaso dituen filma baita. Gainera, euskal zinemagintzari lotuta dauden gainerako ekoizpenak ere babestuko dira: "Nur eta herensugearen tenplua", Zinemaldian EZAE saria jaso zuen Juanba Berasategik zuzendua; "Abracadabra", Pablo Berger zuzendari bilbotarraren pelikula; eta Alberto Iglesias konpositore donostiarrak "La Cordillera" filmerako egindako soinu banda. Euskal filmak Goya sarietarako jaso dituen 13 izendapenei erreferentzia eginez, "Handia 13?" izenburuarekin antolatu da festa, zeina datorren otsailaren 3an izango da, 21.00etatik aurrera, Zinema Akademiaren sari emanaldia zuzenean jarraitzeko. 

Hainbat jarduera antolatu dira gau horretarako: nahi duenak argazkia atera ahal izango du Altzoko Handiaren unibertsoan girotutako photocallean; festa interaktiboa izango da, 'Handia' filmeko lantaldearekin zuzeneko konexioa egingo baita eta Estrella Vallejok sare sozialetan gertatzen denaren berri emango baitu; eta kiniela bat ere antolatuko da, bertaratutakoen artean. Kinielako irabazleek sarrera-bonu bat jasoko dute, SADEko edozein zinema aretotan erabiltzeko. Gainera, Keler, BENCH eta Zinema Corner babesleen laguntzari esker, sarituen aldeko brindisa egingo da, eta sorpresak eta opariak banatuko dira bertaratutakoen artean.

Sarrerak salgai daude jada SADEko webgunean eta Truebako leihatilan, bi euroko prezioan, eta saltzen den sarrera kopuruaren arabera, Truebako bigarren aretoa ere irekitzeko aukera izango da, Goya sarien gala zuzenean emateko.  Prezio hain baxua jartzea erabaki da, ekitaldira ahalik eta jende gehien etor dadin. Honen inguruan, SADEko zuzendari nagusi Coro Odriozolak "etxetik irten eta hitzordua apuntatzera" animatu ditu zinemazale guztiak, eta bereziki filmetako lantalde, lagun eta senitartekoak". Odriozolak iragarri du "inoiz egin den Goya emanaldi dibertigarri eta interesgarriena izango dela", euskaraz filmatu den ekoizpen honek lortu duen arrakasta eta euskal zinemagintzari eman dion bultzada ospatu nahi baitira. 

Denis Itxaso Kultura diputatuak zinemagintzaren industriak eta sektoreko profesionalek erakutsi duten maila eta Gipuzkoan dagoen zine-zaletasun izugarria azpimarratu ditu.  "Handia filmarena bezalako arrakastak estimulu bat dira sustatzen eta babesten jarraitu behar dugun zinemagintzarentzat.  Gipuzkoako enpresek eta profesionalek ekoiztu dute Handia, eta "Gipuzkoa" markaren eta gure hizkuntzaren adierazgarri garbia da. Bestalde, argi erakusten du nazioarteko mapan geure lekua egin dezakegula, norberarena sustatuz, bai talentuari dagokionez, bai egitura produktiboari dagokionez. Horregatik, arrakasta hau publikoari irekita egongo den festa batekin ospatzea pizgarri bat da zinemaren industriarentzat", azaldu du Itxasok.

Izan ere, Goya sarietarako 13 izendapenez gain, "Handia" filmak hamaika sari jaso ditu jada, hala nola Epaimahaiaren Sari Berezia Zinemaldiaren azken edizioan. Jose Luis Rebordinos, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko zuzendaria, ekitaldiaren aurkezpenean egon da baita ere, eta euskal zinemaren festa hau babestu nahi izan du. Bestalde, Zinemaldiak egiten duen lana azpimarratu nahi izan du, "gure zinema nazioartean bultzatzeko sustapeneko plataforma gisa, baina baita industria garapenerako espazio gisa". Euskal zineman "garrantzitsua da inplikatuta dauden guztiek" elkarrekin lan egitea, eta "norabide berean bultza egitea". 


 

Bidaiariak zinera EZAE

2015eko gazteriaren sariaren babesleak gara